Goiena Komunikazio Taldeak eta MUk elkarlanean antolatutako Komunikazio Campuseari gaur eman diote amaiera. Lehenengo edizioa izan da aurtengoa, eta gazteei ikus-entzunezko komunikaziora gerturatzeko osatu duten programak erantzun aparta eman du.
Honela azaldu du Monika Belastegi, Goiena Komunikazio Taldeko presidenteak: "Ez genekien zein erantzun jasoko genuen, baina, oso pozik gaude. Gazteek badute komunikazioarekiko interesa, eta garrantzitsua da iritzi kritikodun gazteak hezten joatea. Beraz, guk gure aletxoa jarri ahal baldin badugu halako campusa antolatzen, ba pozik. Gainera, gure zereginetako bat ere bada".
Ikasleak pozik
Ikus-entzunezko komunikazioaren baitan, arlo ezberdinak ikasteko aukera izan dute campusean aritu diren gazteek. Xabier Urzelairekin fotokazetaritzara gerturatu dira, Ainhoa Vitoriarekin, berriz, podcast-ez eta irratiaz gehiago ikasi dute, eta Aiora Mujikarekin, aldiz, bideogintzaz eta Youtubez… Campusean parte hartu dutenak pozik agertu dira bizitakoarekin.
Malen Gonzalez: "Orokorrean asko gustatu zait Komunikazio Campusa. Kazetaritza, orokorrean zer den ikasi dugu, baina, gehin gustatu zaidana irratia izan da. Bigarren egunean, Ainhoa Vitoriarekin izan genuen saioa ta oso ondo egon zen".
Naroa Moreno: "Oso azkar pasatu zait astea; emandako gaiekin eta campus honekin oso gustura. Interesgarria iruditu zait irratia eta kamera artean aritzea, eta etorkizunera begira ikusiko dugu… ez ditut baztertzen ikus-entzunezko ikasketak "
Goienako egoitzara bisita
Astean zehar izan dituzten ekintza guztiak borobiltzeko, Goiena Komunikazio Taldearen egoitzara bisita egin dute, eta Goienakoen azalpenak adi jarraitu dituzt ikasleek.
Goienako bisita egin ostean, bideo edizioa praktikatzeko tartetxoa hartu, eta aurtengo Komunikazio Campusari amaiera emango diote, horrela.