ALBISTEAK

Ez da osasun neurrietan aldaketarik egongo

Uxue Igarza Loiola 2021ko uzt. 7a, 10:36

Gaur goizeko 9:00etan batu da LABI instituzionala, eta indarrean dauden osasun neurriak mantentzea erabaki du. Hala, pandemiaren bilakaerak okerrera egin duen arren, momentuz behintzat, ez dira arauak zorroztuko.

Duela aste eta erdi maskararen erabilera malgutzea erabaki zuen Jaurlaritzak, eta dagoeneko ia hilabete igaro da gaueko aisialdian aldaketak baimendu zirenetik. Halere, azken astean nabarmen egin dute gora kutsatzeek; batez ere, gazteenen artean. Atzo emandako datuen arabera, EAEko intzidentzia-tasa 183koa da, eta 18 urtetik beherakoen artean, 1.800tik gorakoa.

Neurriak zorroztea aurreikusten bazen ere, LABI Aholku Batzordeak arauak bere horretan mantentzea erabaki du; halere, Lehendakariak azpimarratu nahi izan du debekatuta dagoela botila-festak, ez-jaiak edota jende-pilaketak sor ditzaketen bestelako ekimenak egitea. Horri lotuta, jakinarazi du ekimen horiei beren beregi erantzuten dien zigor-erregimena onartu dela ekainean, eta bihar argitaratuko den dekretuan jasoko dela debekua.

Dekretu berriak hiru puntu ditu: aurreko dekretuko neurrien blokeari eustea, aipatutako ekitaldi jendetsuak debekatzea eta, hirugarrena, ospitale-presioa areagotuz gero, merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduerak ixteko muga-ordutegia aurreratu ahal izatea.

Bestalde, Urkulluk azaldu du "oso une delikatuan" gaudela, eta zuhurtzia "beharrezkoa" dela. Lehendakariaren esanetan, zuhurtziak hiru alor barnebiltzen ditu: maskara uneoro erabiltzea gomendatu du, beti 1,5eko distantzia mantentzea, eta bukatzeko, jende pilaketak dauden ekimenetan parte ez hartzea. Hala, pandemiari aurre egiterakoan "norbanakoek duten erantzukizuna" nabarmendu du: "Debekuan onarritako arauak ezin dira izan bide bakarra". Halere, poliziaren kontrolak areagotuko direla eman du aditzera.

BiziBerri IV Plana, onartuta

LABIk plan berria aurkeztu du, pandemiaren bilakaeraren aurrean neurriak zehazteko. Hiru agertoki edo maila ditu: transmisio tentsionatuaren maila (intzidentzia 150-300 artean), transmisio neurrizkoaren maila (60-150) eta transmisio baxuko maila (60tik beherako tasa). Maila bakoitzaren araberako neurrien modulazioa ere zehaztu du Osasun Sailak.

Intzidentziari erreparatuta, hirugarren mailan dago erkidegoa, baina ZIUetako egoera lehenengoan dago; hortaz, Bizi Berri IV Planaren arabera, ez da behar neurriak gogortzea. 

Indarrean dauden neurriak

LABIk hamabost egun barru aztertuko ditu berriz neurriak, baina momentu honetan hauexek dira indarrean daudenak:

  • Ordutegiak eta edukierak

Establezimenduak 02:00ak arte egon ahalko dira zabalik, eta kultura, gizarte eta merkataritza jarduerek ere ordu horretarako eten beharko dute. Bai merkataritzan eta baita orokorrean ere, eta kontrako muga espezifikorik ezean, edukiera %60ekoa izango da gehienez.

  • Ikusle kopurua kirol, kultura eta gizarte ekitaldietan

1.600 pertsonatik beherako espazioetan, barruan 600 pertsona elkartu ahalko dira gehienez, eta kanpoan 800. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko espazioetan, barruan 800 eta kanpoan 1.200 pertsona gehienez. 5.000 pertsona baino gehiagoko esparruetan gehieneko edukiera ezingo da %30 baino handiagoa izan.

  • Ostalaritza

Gehienez 02:00ak arte egon ahalko dira zabalik tabernak eta jatetxeak eta mahai bakoitzean batu ahalko den jende kopurua seira zabalduko da. Barneko edukiera %50ean mantenduko da eta debekatuta jarraituko du zutik edo barran kontsumitzeak.

III. eta IV. taldeetan sailkatutako gaueko aisialdiko establezimenduek itxita jarraituko dute; I. eta II. taldeetan sailkatutakoek, ostalaritzaren neurri orokorrak bete beharko dituzte.

  • Txokoak eta elkarte gastronomikoak

09:00etatik 02:00etara ireki ahalko dira, ostalaritzako irizpide eta neurri murriztaile berdinekin. Etengabe aireztatuta egon beharko dira.

Gazteen lokalek itxita jarraitu beharko dute.

  • Kultu-lekuak

%60ko gehienezko edukiera. espazio itxietan egindako beilategietan eta ehorzketetan %40ko edukiera izango da muga; kanpoan egiten direnetan ez da pertsona mugarik egongo pertsonen arteko muga gutxienez 1,5 metrokoa bada.

  • Kirola egitea

Aire zabalean, ez pertsona mugarik egongo kirola egiteko eta barruko instalazioetan gehienez 10 pertsonako taldeetan egin ahalko da. Eskola Kirola entrenamenduan eta lehiaketetan egin ahalko da. Aldageletan edukiera gehienez %50ekoa izango da eta dutxak banaka edo pertsonen artean gutxienez 2 metroko distantzia errespetatuz erabili ahalko dira.

  • Maskara

Aire zabalean egonda, 1,5 metroko distantzia bermatzen bada, maskara erabiltzea ez da nahitaezkoa izango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak