Euskal Herriak eta Herrialde Katalanek 2050era egin dute bidaia elkarrekin, "bi herri libretara"

Julen Iriondo Mtz. de Zuazo 2021ko eka. 26a, 23:21

Gure Eskuk antolatuta, Manlleu eta Bergararen arteko topaketa egin dute asteburuan herrian. Arratsaldean egin dute ekitaldi nagusia, 2050ean baleude bezala garatu dutena. Giro beroa izan da frontoian.

Bi herriren arteko senidetasuna, "askatasun egarria" eta hori lortzeko lanerako prestutasuna bertso, dantza, antzerki eta musika bidez adierazi dituzte Gure Eskuk astebururako Bergararen eta Bartzelonako Manlleu herriaren artean antolatutako topaketako ekitaldi nagusian.

Eta 2050 urtera jauzi eginda egin dute, irudimenaren laguntzarekin urte hartan kokatu baitute frontoian egindako ekitaldia.

Zelai Nikolasek gogoratu ditu kataluniarrek aurreko hamarkada haietan egindako lana eta euren lorpenak: "Heldu ziren Europako erakundeetara eta erakundeoi esan zieten: 'Zuek erakunde demokratikoak baldin bazarete, esan beharko duzue zer den demokrazia Europan'. Eta Europatik etorri ziren orduan bi marra gorri, eta bi marra gorri horiek ziren: bozkatzea ezin da delitua izan, eta erakundeek erreferendumak antolatzea ezin da delitua izan". 

Bien bitartean Euskal Herrian Gure Eskuk gizartea saretzen eta bere aldarrira batzen egindako lana ere goraipatu du Nikolasek: "Gure Eskuk prestatu egin zituen herritarrak modu desobediente batean erantzuteko eta gai izateko demokratikoki erantzuteko demokratikoak ez ziren estatu eta erakunde batzuei".

Kataluniar Errepublika

Kataluniarrei dagokienez, eta 2050ean kokatuta hauek ere, horrela irudikatu dute Kataluniar Errepublikarako ibilbidea: "Argi dudana da ez dela Espainiako Gobernuari esker; ziur aski, ezta Kataluniako Gobernuari esker ere. Oso argi dudana da antolatutako eta mobilizatutako jendeari esker dela, helburu politikoa argi duen eta haren alde borroka egin duen jendeari esker. Ziur aski, ez da akordio bati esker, ezta elkarrizketa mahai bati esker ere. Hori erakutsi digu historiak. Ziur aski, bidea aldebakarreko bidea dela konturatu izanari esker lortu dugu Kataluniar Errepublika".

Bai euskaldun eta bai kataluniarrek, besteak beste, herri sozialista, feminista eta ekologistak irudikatu dituzte 2050ean, "errepresiorik gabe, erbesteratuak itzulita eta presoak kalean".

Kataluniar eta euskaldunen arteko asteburuko topaketaren oso balorazio baikorra egin dute bai batzuek eta bai besteek, egindako saioak oso aberasgarriak izan direla eta elkarrengandik ikasi dutela nabarmenduz, eta hurrengo baten Manlleun elkartzeko elkarri hitza emanaz eta hartuz. 

Eta ekitaldiaren amaiera aldera, aurretik hainbat momentutan bezala, jendea hunkiturik, Herrialde Katalanetatik etorritako lagunak kantxa erdira eta Els segadors bozgorailuetatik, independentzia ohiuekin amaitzeko.

Erlazionatuak

Bergara-Manlleu topaketako ekitaldi nagusia

Julen Iriondo Mtz. de Zuazo 2021 eka 26 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak