Sei lagunek ordezkatuko dute Arrasateko harrobia

Xabier Urtzelai 2021ko eka. 25a, 18:00

Gaurtik domekara arte, Espainiako Atletismo Txapelketa jokatuko dute Getafen, eta Mojategiko harrobiko sei atleta izango dira han. Hain zuzen ere, horietako bost arrasatearrak dira; Agiriano eskoriatzarrak aste barruan jaso du Federazioaren baiezkoa.

Asteburuan jokatuko dute, Getafen, Espainiako Atletismo Txapelketa –maila absolutuan–, eta Arrasateko harrobiak sei ordezkari izango ditu han: Maialen Axpe (Atletico San Sebastian), Malen Ruiz de Azua (Valencia Sport) eta Istar Dapena (Real Sociedad) pertika-saltoan lehiatuko dira, Eneko Carrascal (Real Sociedad) eta Alex Agiriano (Arrasate Atletiko) salto hirukoitzean eta Ibai Fernandez (Real Sociedad) 4x100 errelebo-lasterketan. Herri gutxik izango dute halako ordezkaritza zabala.

Dapenak gaur du hitzordua

Gaur, egubakoitza, bertan lehiatuko da Dapena pertika-saltoko finalean –19:15ean streaming bidez emango dute txapelketa–. Arrasatekoak urte gorabeheratsua izan du, 5,30eko saltoarekin aurkeztuko da Getafeko hitzordura, eta podiuma du helburu: "Isidro Leivak 5,52ko marka dauka, Didac Salasek 5,55 egin du aurten... Halakoetan, edozer gerta daiteke; orain, laugarren egongo naiz rankingean, baina atzerago egonda ere lortu izan dut domina. Egia esan, ez da oso urte ona, eta moralki oso lagungarria izango litzateke urtea podiumean amaitzea, txanponaren beste aurpegia ikusi nahi dut Getafen; denboraldiari buelta ematea, alegia". Izan ere, arrasatearrak ez du zorterik izan aurten. Pista estalian ez zen nahi moduan ibili, baina apirilean Euskadiko kluben arteko txapelketan egindako 5,30eko markak arnasa eman zion Realeko atletari. Duela aste batzuk entrenatzen izandako istripu batek ere progresioa eten zuen, baina ondo iritsiko da Getafeko hitzordura.

Pertikarekin podiumera igotzeko beste bi hautagai dira Maialen Axpe eta Malen Ruiz de Azua –zapatuan, 18:00etan–. Lehenak esperientziatik egingo du tira, Axpek ondo ez dagoenean ere badaki lehiatzen, eta La Nucian duela bi aste egindako 4,30eko markak, seguru, moralki motibatu egin duela, Iruñean bizi den Bedoñako atleta atzetik aurrera datorren seinale. Malen Ruiz de Azuak oso denboraldi polita darama, eta orain momentuan daukan sasoi puntuak marka pertsonala ontzera eraman dezake. Europako Txapelketan zilarra hartu ostean, Getafeko hitzordua ondo prestatu gura izan du, eta maiatzean Zaragozan lortutako 4,47koa motz gera daiteke, gehiago egiteko kapaz dela sentitzen du Ruiz de Azuak, eta 4,52ko markaren bueltan ibili. Horrek, ia seguru, urrea emango lioke, eta puntu kopuru polita Olinpiar Jokoei begira. Izan ere, Arrasatekoarendako zapatukoa ez da azken hitzordua. Txapelketaren ostean Madrilen geratuko da, martitzenean bertan Suitzara joango da-eta beste txapelketa batean esku hartzera. Aipatu moduan, Valentzia Sport taldeko atletak Olinpiar Jokoetan egon nahi du, eta, gutxieneko marka lortzea ia ezinezkoa denez (4,70), ahalik eta puntu gehien batzean egon daiteke Jokoetarako giltza. Hala, martitzeneko Suitzako hitzordua da puntuak pilatzeko azken aukera; horren ostean emango dute aditzera ze atleta izango diren Tokion.

Carrascal, txapeldun

Salto hirukoitzean (zapatua, 20:00) Realeko Eneko Carrascal eta Arrasate Atletico taldeko Alex Agiriano izango dira txapelketan. Astean zehar, joan den asteko hitzordutik errekuperatzeko lanean jardun dute biek ala biek; izan ere, joan den astean, Malagan, 23 urtez azpiko txapelketan, Carrascalek urrezko domina jantzi zuen. Eta ez da marka makala, kategoria horretan egin dituen hiru urteetan urtero irabazi du-eta urrezko domina, edo luzera-saltoan, edo hirukoitzean. "Azkenekoz hartu dut esku 23 urtez azpikoen mailan eta oso gustura nago hiru urte hauetan egin dudanarekin. Denak ez dira urte borobilak izan; lehenengoan, esaterako, pista estalian urrea irabazi nuen, baina ondoren, aire zabalean ez nintzen ondo ibili. Iazkoa urte ona izan zen eta aurten ere gustura ibili naiz", adierazi dio GOIENAri arrasatearrak.

Asteburuan, oilarrekin

Oraingo asteburuan, berriz, Carrascalek (16,02) eta Agirianok (15,26) salto hirukoitzeko oilarrak izango dituzte aurrean. Agirianorendako maila absolutuan debuta izango da, eta azken orduan jaso du berri ona; izan ere, eguaztenean, zentimetro batengatik kanpoan geratu zela adierazi zion Federazioak. Baina, azken orduko baja bati esker, eskoriatzarra Espainiako hamabi jauzilariren artean izango da lehian. Carrascalen esanetan, motibagarria da maila horretako atletak aurrean izatea: "Pablo Torrijos egongo da (16,93), Bellido (16,56), Marcos Ruiz (16,44) ere bertan izango da... Aurten jendeak oso marka politak egin ditu, eta ederra da horiek aurrean izatea".

Ibai Fernandez, errelebotan

Eta Arrasateko azken ordezkariak, Ibai Fernandezek, domeka iluntzean izango du hitzordua (20:00). Madrilen ikasten duen korrikalariak 10.88ko marka egin du aurten aire zabalean, eta ez du lortu 100 metroko irteera puntuan egoteko gutxieneko marka. Baina arrasatearrak Realeko taldekideekin hartuko du esku 4x100 errelebo-lasterketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak