Urte gogorrean indartuta irten da Goiena

Xabier Urtzelai 2021ko eka. 23a, 18:12

Pandemiaren eragina denean igarri da, baita Goienan ere. Hori nabarmendu zuten martitzenean egin zuten batzar orokorrean. 2020a urte gogorra izan da Debagoieneko Komunikazio Taldearendako, eta aldi berean, erronkez betetakoa. Hala, publizitatearen beherakadaren aurrean lan handia eginez eta bestelako zerbitzuak eskainiz lortu dute ekonomikoki galera gabeko urtea izatea.

Gutxiagorekin gehiago egin dute. Horixe nabarmendu zuten Goienako batzar orokorrean. Pandemia egoeran oinarrizko zerbitzu izanda, herritarren informazio beharrak asetzeko lan gehiago egin dute Goienan, eta horrek audientzietan emaitza positiboak izan ditu. "Horrek antolaketa lanean ahalegina biderkatzea eskatu du, langileen partetik malgutasunez jokatzea, baina koronabirusa protagonista izan den urtean, esango nuke indartuta irten dela Goiena", adierazi zuen Monika Belastegi presidenteak.

Egindako ahaleginak, emaitza onak audientzietan 

Goiena.eus atariak izandako gorakada nabarmena izan da, %55 hazi da bisita kopurua, eta horrekin batera, aplikazio berria dagoeneko eskura dago. Hala, egunean 12.000 bisita izaten ditu goiena.eus-ek. Eta CIES erakundeak eman berri dituen telebistako audientziek ere oso emaitza onak erakutsi ditu Goiena Telebistari dagokionez, inoizko datu onenak. Eskualdean 8.000 lagunek ikusten dute egunero Goiena telebista, eta orotara 11.000 lagunek egiten dute bat Goiena telebistarekin. Pandemia egoeran ere egubakoitzero argitaratu dituzte, kale egin barik, Puntua, Goiena Aldizkiaria, Ttap… Eta bestelako proiektuetan ere murgildu da Goiena, Hi gazte! dinamikan, esaterako: "Ez da urte erraza izan, inondik inora. Debagoieneko gainontzeko enpresa edo komertzioek moduan guk ere sufritu egin dugu, lan gehiago egin behar izan dugu eta publizitatean izan dugun jaitsierari zerbitzuak eskainiz berdindu. Baina, datorren urterako lan batzuk aurreratu ditugu, berrikuntzan, aplikazio berria kalean dugu jada, Goienakide figura indartuko dugu, zozketak, abantailak... Gauza berriak etorriko dira eta pentsatzen dugu horrek emaitzak emango dituela. Eta aurtengoa ere ez da erraza izango, pandemia egoeran jarraitzen dugulako, baina espero dugu ekonomiak hobera egitea eta horrek ekartzea publizitatean normaltasunera itzultzea, zerbitzu gehiago eskaini ahal izatea... Ikusi dugu hemengo komertzioak gauzak egiteko gogoz daudela, gogotsu dagoela industria, badutela zeresana, eta gu euren ondoan egongo gara", adierazi zuen Iban Arantzabal zuzendari nagusiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak