Sanchezek ezohiko Ministroen Kontseilua iragarri du eguenerako, eta bertan, erabakia formalki hartu nahi da; hots kongresuak uztailean baliozkotu beharko duen lege-dekretu baten bidez.
Txertaketaren erritmoa "bizkortzeak" eta abuzturako "talde immunitatea lortuko denaren usteak" eraman du Sanchez erabakia hartzera: hilaren 26tik aurrera, ez da nahitaezkoa izango espazio irekietan maskarak erabiltzea . "Maskaradun azken asteburua izango da hau", adierazi du Sanchezek.
Nolanahi ere, ikusteko dago zein izango den Jaurlaritzaren erantzuna, izan ere, aste honetan agintariek egin dituzten agerraldietan "zuhurtzia" mezua helarazi dute. Gaur arratsaldean da LABI biltzekoa, eta bertan, besteak beste, neurriak malgutzea aztertuko dute. Urkullu lehendakariak, baina, aurreratu du, barrualdeko espazioei dagokienez bederen, maskara beharrezkoa izango dela: "Maskara erabiltzea deserosoa da, niretzat ere bai, baina aitortu behar dugu eraginkorra izan dela".