Bihar bilduko da LABI, bigarren agertokiko neurriak aztertzeko

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 17a, 09:57

LABI intituzionalaren bilera 16:30ean hasiko da, eta momentu honetan indarrean dauden neurriak malgutu edo ez erabakiko dute. Nolanahi ere, aldaketak egongo balira, astelehenera arte ez dira arau berriak ezarriko.

Biziberri planari –edo Jaurlaritzak diseinatutako bide-orriari– jarraituz, EAE bigarren agertokira igaro da aste honetan; martitzenean, zehatzago esateko. Intzidentzia-tasa 150etik jaitsi zen eta kutsatzeek beheranzko joera argia erakutsi dute.

Atzo bertan Osasun Sailburuak adierazi zuen "beherakada baieztatu arte" ez dutela neurririk malgutu nahi, baina hain zuzen ere hori da bihar, egubakoitza, osasun agintariek aztertuko dutena.

Bigarren agertokian, hainbat aldaketa

Honako neurriak har daitezke planaren bigarren agertokian egonda: jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegia 00:00etatik 01:00etara luzatzea; merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultura-ekitaldietan eta kultu-aretoetan edukiera handitzea; ekitaldietan, gehienezko edukiera 600ekoa izatea barnealdean eta 800ekoa kanpoan; ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea; txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegi-, edukiera- eta distantzia-mugekin; barruko esparruetan kirol-jarduera ahalbidetzea, gehienez hamar pertsonako taldeetan; kirol-ekitaldietan publikoa baimentzea: % 60ko edukierarekin, eta gehienez ere 800 pertsonako edukierarekin barnealdean eta 1.200 pertsonako edukierarekin kanpoan; bisita gidatuen, natura-turismoaren, aisialdi-zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona-taldeak handitzeko aukera ematea; eta edukiera % 60ra handitzea igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldeetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak