Bingen Zupiria bozeramaileak eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu dutenez, bilakaera epidemiologikoa ona bada ere, Eusko Jaurlaritzak ez ditu momentuz osasun neurriak arinduko. Datorren astean espero da LABIren bilera, eta besteak beste, intzidentzia-tasa 150etik behera mantentzea beharrezkoa izango da aldaketak egoteko.
Sagarduirentzat "albiste ona" da tasaren jaitsiera, baina joera hori mantentzearen garrantziaz jardun du.
Maskaren inguruan, erabakirik ez
Osasun Publikoko Batzordea osatzen duten erkidegoak eta Ministerioa batu ziren atzo. Aurreikuspenen arabera, udan maskaren erabilera arintzearen inguruan jardun behar zuten, baina gaia ez zen bileran landu; eta hortaz, atzeratu egin da erabakia.
Hala ere, dagoeneko erkidego batzuek argi hitz egin dute; Nafarroak esaterako. Uztailean bertan maskaren erabilera malgutuko duela aurreratu du Nafarroako Gobernuak; betiere, Osasun Batzordean baimentzen bada.
Euskal Autonomia Erkidegoak, baina, bileraren aurretik esandakoen arabera, oraindik ez du komenigarri ikusten, aire librean bada ere, maskarak kentzea.
Txertoak, 12 urtetik gorakoentzat
Maskararen erabilera malgutzea ez, baina Osasun Batzordean beste hiru txertaketa-talde zehaztu zituzten: 11. taldea (30etik 39 urte artekoak), 12. taldea (20tik 29ra) eta 13.taldea (12tik 19ra). Batzordeak azpimarratu du, halaber, mendekotasun edo arrisku handiko egoeran dauden 12 urtetik aurrerako nerabeen immunizazioa lehenetsi behar dela. Esan behar da maiatzaren 31n onartu zen adin-talde horren txertaketa.