Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek maskararen erabilera izango dute hizpide gaurko batzordean. Halere, dagoeneko, Hego Euskal Herriko osasun agintariek eman dituzte haien iritziak. Jaurlaritzak ez du uste komeni denik udan maskarak kentzea, eta Nafarroako Gobernuak, aldiz, aire librean maskararik gabe ibiltzearen alde egingo du. Nolanahi ere, erabakia ez dagokie erkidegoei; Madrilgo Gobernuak izango du azken hitza.
Horri lotuta, Fernando Simon Osasun Ministerioko ordezkariarentzat egungo egoera "egokia" da espazio irekietan maskara kentzeko, baina bestelako neurri batzuk bete beharko direla ere gehitu du.
Intzidentzia, 150eko mugan
Bestetik, EAEko intzidentzia-tasa metatua, 150etik gertu dago; herenegungo datua 155,70ekoa izan zen. Gauzak horrela, eta Jaurlaritzak maiatzaren 31n erabaki zuenari jarraiki, EAEko intzidentzia-tasa 150etik behera kokatutakoan –eta ZIUetako okupazioa % 20tik beherakoa bada–, neurriak arindu ahalko dira. Honako hauek izango dituzte agintariek mahai gainean, datorren astelehenean egingo den LABIren bileran:
- Jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegia 00:00etatik 01:00etara luzatzea.
- Merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultura-ekitaldietan eta kultu-aretoetan edukiera handitzea.
- Ekitaldietan, gehienezko edukiera 600ekoa izatea barnealdean eta 800ekoa kanpoan.
- Ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea.
- Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegi-, edukiera- eta distantzia-mugekin.
- Barruko esparruetan kirol-jarduera ahalbidetzea, gehienez hamar pertsonako taldeetan.
- Kirol-ekitaldietan publikoa baimentzea: % 60ko edukierarekin, eta gehienez ere 800 pertsonako edukierarekin barnealdean eta 1.200 pertsonako edukierarekin kanpoan.
- Bisita gidatuen, natura-turismoaren, aisialdi-zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona-taldeak handitzeko aukera ematea.
- Edukiera % 60ra handitzea igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldeetan.