11.000 lagunek egiten dute bat egunero Goiena telebistarekin

Maialen Santos 2021ko eka. 17a, 16:34

CIES erakundearen azken audientzia neurketaren arabera, inoizko daturik onenak dira Goiena telebistarendako; tokiko telebisten artean, ikusiena baita Gipuzkoan. Bestetik, GOIENA Aldizkariak ere nagusi izaten jarraitzen du Debagoienean, eta Goiena.eus-ek, aldiz, inoizko hazkunderik handiena izan zuen iaz. 

11.000 lagunek ikusten dute egunero Goiena telebista. Hala dio CIES erakundearen azken audientzia neurketak, aurtengo martxoan eta apirilean egindakoa. 8.000 ikus-entzule ditu eskualdean, eta inoizko daturik onenak dira Goiena telebistarendako. Tokiko telebisten artean, Goiena ikusiena da Gipuzkoan, Hamaika telebistaren aurretik. GOIENA aldizkariak, bestalde, nagusi izaten jarraitzen du Debagoienean, askogatik. 26.000 irakurle ditu eskualdean –33.000 Gipuzkoan–, bigarren papereko irakurrienaren bikoitza –El Diario Vasco–.

Tokiko telebista ikusiena

Iazkoa oso urte zaila izan zen, bereziki, tokiko telebistendako. Batetik, ohiko telebista kateak hartzeko kanal aldaketaren ondorioz antenetan egin beharreko egokitzapenak ez zien mesederik egin. Bestetik, COVID-19ak aldaketak eragin zituen informazioaren kontsumoan: plataformetako edukien kontsumoa asko hazi zen, eta baita sarekoa ere. Ondorioz, tokiko telebista kateek audientzia galdu zuten. Goienak ere bai. Teledonosti, esaterako, desagertu egin zen. Aurten, ostera, oso datu onak izan ditu Goienak, eta tokiko telebista kateen artean ikusiena da Goiena telebista Gipuzkoan.

Oihane Agirre Goiena telebistako zuzendariak honako hau dio: "Oso pozik gaude; batez ere, iazko datuak oso txarrak izan zirelako, urte oso nekeza izan zelako eta zailtasunak zailtasun aurrera egin eta egoera iraultzea lortu dugulako. Lan handia egin behar izan genuen iaz, telebista berrasmatuz, formatu berriak probatuz… Aurten ere ahalegin berezia egin dugu saio berriak eskaintzeko eta jendearen gustukoak diren gertuko istorioak, pertsonak eta gaiak ikus-entzunezkoen formatura ekartzeko. Oso eskertuta gaude gure komunitatea osatzen duten guztiei, eman diguten konfiantzagatik, zailtasunak zailtasun eta konpetentzia inoiz baino handiagoa den honetan".

Sarean, hazkunde handia

Bestetik, Goiena.eus-ek iaz inoizko hazkunderik handiena izan zuen. 2019arekiko %55 hazi zen erabiltzaileen kopuruari dagokionez. Pandemiaren osteko lehen hilabeteetan, 12.000 lagunek bisitatzen zuten egunero Goiena.eus. Gaur egun, batez beste, 8.000 lagun sartzen dira egunero Goiena.eus-era.

Azkenik, GOIENA aldizkariak segitzen du nagusi izaten Debagoienean. Ez bakarrik paperekoen artean, debagoiendarrek kontsumitzen dituzten hedabide tradizional guztien artean –telebista, papera zein irratia– jarraitzaile gehien dituena da eta paperekoen artean bigarren irakurrienaren bikoitza irakurtzen da Goienaren paperekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak