AstraZeneca txertoari lotuta sortu diren gertaerek zalantzak eragin ditu gizartean. EMA Sendagaien Europako Agentziak jarraibide osoa emateko aukera babesten du oraindik, txerto horren onurak arriskuak baino askoz handiagoak direlakoan. Baina hainbat gobernu zuhur azaldu dira AstraZenecarekin jarraitzeari dagokionez, eta txertaketa horiek bertan behera utzi dituzte. Hori horrela, Espainiako Gobernua autonomia erkidegoetako ordezkariekin bildu zen atzo, honen gainean eztabaidatzeko.
Hiru mezu nagusi
Espainiako Gobernuaren eta autonomia erkidegoetako ordezkarien arteko bileran honakoak adierazi zituzten: Batetik, bere lehentasuna dela txertoaren lehen dosia AstraZenecarena jarri dutenei Pfizerrena ematea bigarrena; bestetik, bigarren dosirako Pfizer jarri nahi ez dutenei aukera emango diela AstraZenecarena jartzeko, eta horretarako baimen informatu bat eman beharko dutela. Azkenik, erantsi zuen bigarren aukera horri oniritzia eman behar diola Espainiako Bioetika Batzordeak.
AstraZencaren lehenengo dosia jaso, eta bigarrena Pfizerrena hartzeko sinatu beharreko dokumentuaren gainean, Bioetika Batzordeak iritzia eman beharko du orain, aukeraketari buruzko baimen idatziaren baldintzak zehazteko.
Txertaketa kanpaina atzeratzea
Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak ohartarazi zuen, AstraZeneca hartu dutenei orain Pfizer jartzeak txertaketa kanpainaren atzeratzea ekar dezakeela. "60 urtetik beherakoei orain Pfizerren dosia emanez gero, txerto horrekin egin beharreko txertaketak bi astez etenda geratuko lirateke".