Carlos III.a Institutuak egindako CombivacS ikerketa aintzat hartuta egin zuen hautua atzo Espainiako Osasun Publikoaren Batzordeak. Ikerketa bost ospitaletan egin da –tartean, Gurutzetako ospitalean– eta 678 boluntariok hartu dute parte. Ikertzaileek adierazi dutenez, AstraZeneca eta Pfizer konbinatuz, erantzun immunitarioa "hobetu" egiten da eta ez du "eragin negatiborik" sortzen. Nolanahi ere, hainbat zientzialari eta mediku erabakiaren aurka agertu dira, eta baita zenbait erkidego ere.
Iritzi kontrajarriei lotuta, Osasun Batzordea beste aukera bat aztertzen ari da: Pfizerren bigarren dosia jaso nahi ez dutenek AstraZeneca aukeratu ahal izatea. Dena den, Osasun Ministeriotik gogorarazi dute Europako beste hainbat herrialdek ere txertoak konbinatzearen alde agin dutela (Frantzia, Alemania, Suedia, Finlandia eta Portugal).
Gaur, Lurralde arteko Kontseilua
Osasun Publikoaren Batzordeak hartutako erabakia ez da behin betikoa; erkidegoetako agintariek ebazpena onartu behar dute. Horren harira, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du aukera aztertzen ari dela Jaurlaritza, baina Batzordearen ebazpenari baiezkoa emanez gero, txertaketa bi astez atzeratuko litzatekeela ohartarazi du.
AstraZenecaren ibilbidea
- Urtarrilaren 29an onartu zuen AstraZenecaren txertoa Europako Batzordeak.
- Otsailean hasi ziren txertaketak.
- Martxoan eten egin zen kanpaina, Sendagaien Europako Agentziak hainbat tronbo kasu aztertu arte.
- Martxoaren 18an, harremanik ez zegoela ondorioztatu zuen SEAk.
- martxoa bukaeran, berriz abiatu zen txertaketa; ez luzerako, ordea.
- Apirilaren 7an, lotura berriak aurkitu ziren tronboen eta txertoaren artean, eta berriz eten zen prozesua.
- EAEn, AstraZenecaren 183.532 dosi jarrita daude –horietatik 2.352 lagunek ez dute bigarrenik behar (osasun-protokoloek hala egintzen dutelako)–.
- Atzo, maiatzak 18, Espainiako Osasun Publikoaren Batzordeak erabaki zuen bigarren dosi hori Pfizerrena izatea.
- Momentu honetan, bigarren dosiaren zain 181.180 lagun daude; besteak beste, 55 urtetik beherako suhiltzaileak, ertzainak, udaltzainak, zerbitzu sozio-sanitarioetako profesionalak eta unibertsitatez kanpoko hezkuntza arloko langileak.