Carlos III.a Institutuaren CombivacS ikerketa bost ospitaletan egin da –tartean, Gurutzetako ospitalean– eta 678 boluntariok hartu dute parte. Ikertzaileek adierazi dutenez, AstraZeneca eta Pfizer konbinatuz, erantzun immunitarioa hobetu egiten da eta ez du eragin negatiborik sortzen. Baina aurreko astean Oxfordeko Unibertsitateak The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, etxe desberdinetako txertoak uztartuta, areagotu egiten dira ondorio kaltegarriak.
Gaur arratsaldean batuko da Espainiako Osasun Publikoaren Batzordea eta bertan erabakiko da zer egin beharko duten AstraZenecaren lehen dosia hartu dutenek.
Simon, maskararen erabileraz
Fernando Simon, Espainiako Osasun Larrialdietarako Koordinazio Zentroaren koordinatzaileak adierazi duenez, "oso litekeena" da maskararen erabileran aldaketak egotea; hots, aire zabalean erabilera arintzea. Halere, zehaztu du tokian tokiko egoera aztertu beharko litzatekeela eta gainerako neurriak indarrean mantentzea komeni dela; hala nola, pertsonen arteko distantzia mantentzea. Simonek aditzera eman duenez, besteak beste, txertaketaren bilakaeraren araberakoa izango da, maskararen inguruko neurriak malgutzea.