Foru aldundiek eta Jaurlaritzak EAEko egoitzetan eguneroko harremanak bermatzea adostu dute

Xabier Urtzelai 2021ko mai. 12a, 21:22

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzetan bizi diren egoiliarrak egunero irten ahal izango dira, ahal dela, paseo terapeutikoetan, eta, kasu guztietan, espazio itxiak edo jendetsuak saihestuta.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek foru-agindu berriak adostu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eskutik, eta zentro soziosanitarioetan COVID-19aren zaintza eta kontrolerako protokoloa eguneratu dute. Hala, mendetasun-egoeran dauden adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako hiru lurraldeetako egoitza-zentroetako bisiten eta irteeren esparru berritua ezartzen da. Esparru horrek bermatuko du egoiliarrek senitartekoekin eta hurbilekoekin egunero aurrez aurreko harremana izatea.

Hiru aldundiak lantzen ari diren Foru Agindu berriak datorren astelehenean, maiatzaren 17an, sartuko dira indarrean, Osasun Publikoak agertoki berrirako prestatutako protokoloaren barruan.

Irteerak lehenetsita,  bisiten aurretik

Erabiltzaileak egunero irten ahal izango dira zentrotik, nahi izanez gero, eta irteerak lehenetsiko dira bisiten gainetik. Segurtasun-neurriak zorroztu beharko dira uneoro, eskuak garbitzeaz gain, maskara erabili beharko da, eta zentroak erabakiko du zer ordutegi bete behar den sarrera eta irteeren kontrola ezartzeko. Halaber, ibilaldi terapeutikoak lehenetsiko dira, irteeretan espazio itxi eta jendetsuak saihestuz.

Egoitza kokatuta dagoen udalerriko intzidentzia komunitarioa altua izanda ere, irteerak ez dira etengo. Egoitzan COVID-19 agerraldi bat izanez gero, edo antzeko egoeraren bat ematen bada bakarrik etengo lirateke.

Bisitak egoitza zentroetan

Egoiliarrak zentroan bertan hartu nahi baditu senitartekoak edo hurbilekoak, astean gutxienez hiru bisita egin ahal izango dituzte. Topaketa horietan, segurtasun neurriak zorroztu beharko dira, maskara erabili beharko dute, eskuak garbitzeaz gain. Bizikidetza-burbuilei eusteko, bisitak horretarako berariaz egokitutako guneetan egingo dira, eta bi pertsona sartu ahal izango dira aldi berean. Kasu horretan ere zentroak erabakiko ditu ordutegiak, eta gehienez ordubeteko iraupena izango dute.

Baldintza horiek salbuetsi ahal izango dira egoiliarra bizi-amaierako prozesuan dagoenean, edo haren egoera kognitiboek egoera ulertzea eragozten dutenean. Kasu horietan, maiztasun eta iraupen handiagoak baimendu ahal izango dira, baita logelan bisitak egitea ere.

Txertaketa prozesuaren aurrerapenak nabarmen murriztu ditu kasu positiboak agertzea, gaixotasunaren larritasuna eta hilgarritasuna. Horregatik, erakunde eskudunek, foru aldundiek, Osasun Sailaren laguntzarekin, egoiliarrek beren senideekin aurrez aurreko harremanak zabaltzea erabaki dute, funtsezko elementutzat jotzen baitituzte egoiliarren osasun fisiko eta emozionalerako.

Era berean, erakundeetako arduradunek gogorarazi dute beharrezkoa dela neurriak zorrozten jarraitzea, txertaketak ez duelako erabat ezabatzen kutsatzeko arriskua. Ildo beretik, prebentzio-neurriei eusten zaie, eta astero txertoa hartu ez duten erabiltzaile eta langileei PCR proba bat egitea gomendatzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak