Tontorretara eroan dute euskal presoak etxeratzeko aldarria

Txomin Madina Milikua 2021ko mai. 8a, 17:13

Izan Bidea dinamikaren baitan eta Sare Herritarrak deituta, ehunka debagoiendar igo dira ibarreko tontorretara euskal presoen etxeratzea eskatzeko. Antolatzaileak pozik agertu dira deialdiak izandako erantzunarekin.

"Euskal Herriko osoan 650 tontor igo ditugu. Erronka itzela zen, baina herriak oso ondo erantzun du. Eta eguraldia eskatuta ere ez litzateke hain ona izango. Balorazio oso positiboa egiten dugu", adierazi du Bergarako Sareko kide Aittor Arantzabalek gaur goizean, Izan Bidea dinamikaren baitan mendi tontorretara igotzeko  deialdiak izandako erantzunaren bueltan.

Debagoienean ehunka izan dira goizean elkartu eta  antolatzaileek zehaztutako tontorretara igo diren herritarrak. Aloñan, Udalatxen, Hirukurutzetan, Atxorrotxen, Andarton, Usakoatxan, Trekutzen... Horietan guztietan, guztira bailarako 30 bat tontorretan zabaldu dituzte parte-hartzaileek euskal presoen eskubideen aldeko aldarriak. Talde argazkiak ere atera dituzte tontorretan.

"Mendira jo dugu presoak etxera, kalera ekartzeko. Euskal preso politikoak lehenbailehen etxean egon behar direla aldarrikatu gura izan dugu, gatazka honi amaiera duin bat eman behar diogula", azaldu du Arantzabalek, eta gaineratu: " Egia da mugimendu batzuk ematen dabiltzala, baina guretzat azken urratsa etxera ekartzea da, eta hori lortu arte behin eta berriro gaurkoa bezalako mobilizazioak antolatuko ditugu". "Ez dugu nahi gerturatzea bakarrik, preso guztiei aplikatzen zaien kartzela-politika euskal presoei ere aplikatzea eskatzen dugu; graduen progresioa, esaterako. Ez dugu beste munduko ezer eskatzen, ezta legearen kontra doana ere. Hori aldarrikatu gura izan dugu gaur tontorretara igota", azpimarratu du Sareko kideak.

Ekintza gehiago hurrengo asteetan

Aldarrikapen berdinekin mobilizazio gehiago ere iragarri dituzte. Hala, maiatzaren 30ean Debagoiena eta Debabarrena batuko dituen 'Ibilian ibilian' bizikleta martxa egingo dute Oñati eta Elgoibar artean. Astebete beranduago, ekainaren 5ean eta 6an, Debagoieneko herri guztietan ekimenak egingo dituzte herri bakoitzeko presoen egoera salatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak