Zapore gazi-gozoa utzi dute lau eta erdiko finalek

Josu Bilbao Atxutegi 2021ko mai. 2a, 14:11

Gipuzkoako lau eta erdiko hainbat final jokatu dira astebukaeran, Debagoienean, eta Ander Etxaniz bergararra izan da garaipena lortu duen debagoiendar bakarra. Gainera, Udaberri Sariari hasiera eman diote gaur Bergarako pilotalekuan.

Egubakoitzean hasi ziren pilota norgehiagokak bailaran, eta Aretxabaletako norgehiagokan, etxeko pilotari Julen Barandiaranek galdu egin zuen Murumendiko Aimar Usabiagaren kontra (10-22).

Domeka goiza ere pilota partiduz josia egon da Bergaran. Izan ere, Gipuzkoako lau eta erdiko hiru final jokatu dituzte, eta bi bergarar aritu dira lehian, maila ezberdinetan. Kadeteen 3. mailan Maddi Barrocal gazteak Zestoako Agirre izan du aurkari. Bergararrak ondo hasi du partida, baina Agirre gehiago izan da, eta azkenean, 10-22ko markagailuarekin, garaipena eta saria zestoarrak eraman du. Ondoren gazte mailako partida jokatu dute Oiartzungo Landak eta Zestoako Sasiainek, eta garaipena oiartzuarrak eraman du, 5-22koarekin.

Eguerdian heldu zaio txanda beste bergararrari, eta nagusien lehen mailako txapela eskuratu du Ander Etxanizek Azpeitiko Egigurenen aurka (22-16). Lehia oso parekatua izan da lau eta erdiko koadroaren barruan, baina azkenean Bergarako pilotaria nagusitu da kantxan.

Udaberri Saria

Bestalde, gaur eman diote hasiera Binakako Udaberri Sariari. Bi norgehiagoka jokatu dituzte Bergaran. Lehenengoan Lazpiur eta Gil bergararrek Oiartzungo bikotea izan dute aurrean, eta ezin izan dute garaipena eskuratu etxeko pilotalekuan.

Bigarren partidan Debagoieneko lau pilotarik hartu dute parte. Bergarako Bergara-Iñarra bikotea eta Aretxabaletako Zugasti-Lasa aritu dira lehian, eta garaipena, argia, bergararrendako izan da (22-8).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak