Izaskun Murgia Elkarte Lirikoa, Portaloi Kultura Elkartea, Goikobalu Abesbatza, Txorbela Otxotea, Etxaluzeko erretiratuen abesbatza eta Arizmendiko abesbatzako kideek protesta ekitaldia egin dute eguerdian, Seber Altube plazan.
Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko Mertxe Salaberrik azaldu du kantatzeko eta entseguak egiteko aukera eskatu gura dutela: "Azarotik gaude ezertxo ere egin gabe, eta uste dugu segurtasun neurriak beteta posible izan beharko litzatekela entsegatzea. Kantatzea da egin gura dugun bakarra". Eta gehitu du, denbora asko dela entsegatu gabe, "eta batzuei kosta egingo zaie berriro entseguetara bueltatzea".
Aramaion ere, eskakizun ugari
Aramaion ere egin dute elkarretaratzea, eta Papargorri abesbatzako kideak eta herritar ugari elkartu dira, protesta egin eta Txoriak txori kantatzeko. Hain zuzen, abesbatzako zuzendari Larraitz Arriolabengoak ildo beretik egin du berba: "Abesbatzen jarduera debekatuta dago 2020ko azaroaz geroztik, eta kokoteraino gaude". Gaineratu du, lanpostu asko daudela jokuan, eta elkartzeko debekua bertan behera gera dadin eskatzen dutela, "izan ere, abesbatza talde txikitan eta kohesiorik gabe ez da ezer".
Abestu "gura" eta "behar" dutela adierazi dute abesbatzetako ordezkariek, eta hori gutxi balitz, gogora ekarri dute abesbatza askok beraien ateak "betirako" itxi behar izan dituztela. "Gure zuzendarien lanari esker hainbat eta hainbat familia bizi dira", esan dute, gainera.