Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Lanbide Heziketako eskualdeko ikastetxeekin elkarlanean sortu du atari berria. Azken bi urteotan, pandemia dela eta, urtero ospatzen den Lanbide Heziketaren Azoka bertan behera geratu denez, aurrera eraman dute webgunea.
Bertan, Lanbide Heziketako eskualdeko 7 ikastetxeen informazioa aurkitu daiteke, hala nola, Lanbide Heziketa nola antolatuta dagoen, ibilbide profesional desberdinei buruzko informazioa, edota zeintzuk diren Lanbide Heziketan sartzeko baldintzak. Orokorrean, Lanbide Heziketarekin lotutako berriak eta agenda jasoko dira Goiaz! atarian.
Atari berri honen sortzaileek Lanbide Heziketaren eskaintza oso aberatsa dela azpimarratu dute. Are gehiago, Debagoienean 7 ikastetxe daude eta 1.500 ikasletik gora daude Lanbide Heziketan matrikulatuta. Aitor Guridi Arizmendi ikastolako Lanbide Heziketako arduradunak, Lanbide Heziketa hobeto ezagutzea falta dela azpimarratu du, eta etengabe lan-merkatura egokitzen ari den "eskaintza bizia" dela azaldu du.
Aurtengo eskaintza bertatik bertara ezagutzeko, zentro bakoitzak antolatutako ate irekien jardunaldietan parte hartu ahal izango da, eta gehienak presentzialak izango diren arren, batzuk on-line bitartez burutuko dira.