Iban Arantzabalek hartu dio lekukoa Jone Guenetxeari TOKIKOMen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko api. 23a, 14:18

Segurtasun neurrien eraginez ohikoa baino giro lasaiagoan, Eibarren egin du gaur Urteko Batzar Orokorra TOKIKOMek, euskarazko 70 toki komunikabide batzen dituen taldeak. Bazkide berri sartu dira taldean eta presidente berria ere izendatu dute: Iban Arantzabal. 2017tik TOKIKOMeko presidente izan den Jone Guenetxeari hartu dio erreleboa Arantzabalek.

2020 gorabeheratsuaren errepasoa egin eta 2021eko kudeaketa plana onartzeaz gain, toki komunikabideen bateraguneak bazkide berriak onartu eta presidente berria ere izendatu du. Bazkide berriak dira Tolosaldeko Ataria, TOKIKOM Plataforma digitalaren erabiltzaile izatetik, orain bazkide oso izatera pasatu den, eta Bizkaiko Arratia bailarako Begitu hamaboskaria, bere jardun osoari, eta batez ere internetekoari, astinaldi handia eman nahi diona.

Bazkide berriez gain, presidente berria ere izendatu du TOKIKOMek. Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari Iban Arantzabal izango da aurrerantzean presidentea, Durangaldeko Anboto astekariko zuzendari Jone Guenetxeari erreleboa hartuta. 2017an hartu zuen kargua Guenetxeak, Urko Aristiren ordez, eta oso balorazio positiboa egin du lau urte hauetako lanaz. Sektorea barrutik ondo ezagutzeko aukera izan duela dio eta baita TOKIKOM barruan egiten den "benetako isileko lana" lehen pertsonan ezagutzeko aukera ere.

Pandemia, Guenetxearen agintaldiko protagonista

Hori bai, mundu mailako pandemia bat izan da Guenetxearen agintaldiko protagonista. Egoera oso zail bati aurre egin eta tokiko komunikabideen garrantzia agerian utzi du pandemiak, presidente ohiaren arabera. "Nahiz eta egoera oso zaila izan, jakin dugu egoera horretara egokitzen eta gure komunitateak behar zuen kalitatezko informazioa eskaintzen, informazio fidagarria. Komunitateak oso ondo erantzun du, pandemiako sasoirik txarrenetan gure audientziak bikoiztu ere egin ditugu. Informazio lokala ere oso garrantzitsua dela argi geratu da". 

Erronka nagusiak, Arantzabalen iritziz

"Ilusioz" hartu du kargua Iban Arantzabalek eta Guenetxearen lana goraipatu du. Azaldu du, aldi berean, presidentzia ez dela garrantzitsua TOKIKOM moduko talde baten, administrazio kontseilu aktibo eta ona dagoela eta erabaki guztiak adostuak direla beti. Etorkizunera begirako erronken artean bi nabarmendu ditu presidente izendatu berriak. "Jakin behar dugu benetan zein den gure kontsumitzailea, nor dagoen beste aldean. Komunitatea nolakoa den ondo marraztu beharra dugu eta komunitatearekin elkarlana sustatu. Seguruenik beste erronketako bat izango da sinesgarritasunean are sakonago jotzea; tokiko komunikabideok derrigor egin behar dugu whatsapp, instagram edota facebooken aurrean euste-lan bat egin behar dugu. Gure hedabideek benetan zer dagoen kontatu behar dute".

TOKIKOMek baditu erronkak eta horiek gauzatzeko indarguneak. Eta mehatxuei dagokienez zer? Honako hau azpimarratu du Arantzabalek. "Mehatxua litzateke lasaitzea. Hedabideon lana oso aldakorra da eta horretan jarraitu beharko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak