Azken asteburuetan baino kasu gehiago atzeman dira oraingo honetan; batez ere Arrasaten, Oñatin eta Aretxabaletan. Lehenengoari dagokionez, Osasun Sailak jakinarazi du erlijio-ospakizun batean parte hartu zuten hamalau arrasatearri PCR proba egin zietela eta horietako bik eman dutela emaitza positiboa. Aretxabaletan berriz, 16 eta 18 urte arteko hainbat gazte kutsatu dira, eta Osasun Sailak Arizmendi ikastolako Almen guneko batxilergokoen artean baheketa egingo du. Gainera, batxilergoko ikasle guztiak etxera bidaltzea erabaki du Osasun Sailak. Eta Oñatiri dagokionez, Izaro Elorza alkateak baheketa egitea eskatu dutela adierazi du sareetan: "COVID kasuek nabarmen egin dute gora azken egunotan. Aurrekoak ez bezala, oraingoak, jatorri anitzeko kasuak dira. Baheketa orokorra eskatu badugu ere, oraingoz, baztertu egin dute".
Hurrengo taulan daude azken hiru egunetan egunez egun eta herriz herri baieztatutako kasuak:
HERRIAK | Egubakoitza | Zapatua | Domeka | GUZTIRA |
Arrasate | 16 | 8 | 11 | 35 |
Oñati | 14 | 14 | 5 | 33 |
Aretxabaleta | 11 | 7 | 2 | 20 |
Bergara | 3 | 2 | 4 | 9 |
Eskoriatza | 3 | 0 | 3 | 6 |
Antzuola | 0 | 0 | 1 | 1 |
Aramaio | 0 | 0 | 0 | 0 |
Elgeta | 0 | 0 | 0 | 0 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0 | 0 | 0 |
GUZTIRA | 47 | 31 | 26 | 104 |
Debagoiena, geroz eta gorriago
Osasun Sailak markatutako 400eko intzidentziatik gora daude bailarako lau herri: Aretxabaleta 988,70eko tasarekin, Arrasate 674,76rekin, Eskoriatza 463,08rekin eta Oñati 976,63rekin. Gauzak horrela, bihar bertan neurri murriztaileak jarriko dira indarrean herri horietan. Perimetralki itxita egongo dira –nahiz eta ondoko udalerrira joan ahalko den erosketak egitera edo aire librean kirola egitera–, eta bestetik, taberna eta jatetxeek 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era izan ahalko dituzte barrualdeak irekita. Eta kirolari dagokionez, ezin izango dira lau lagun baino gehiago elkartu toki itxietan–federatuak eta profesionalak salbu–, eta aldagelak eta dutxak itxita egongo dira –igerilekuetan izan ezik–.
Gainerako herriei erreparatuta, tasak gora egin du Antzuolan, eta Bergaran, aldiz, behera. Datu guztiak daude eguneratuta azpiko mapan:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Araba eta Gipuzkoa, itxita
Lurraldeetako intzidentzia-tasek ere gora egin dute: Arabak itxita jarraituko du eta Gipuzkoa batuko zaio bihar; itxiera preimetrala jarriko da indarrean. Atzo 483,30eko tasa erregistratu zuen Gipuzkoak eta 423,97koa Arabak. Bizkaiak, bestetik, 354,38ko tasa du.
Positibo berriei dagokienez, Hego Euskal Herrian 8.874 proba egin zituzten atzoko egunez eta %8,1ek eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %8,9k Nafarroan; 795ek alegia. 265 kasu baieztatu zituzten Gipuzkoan, 261 Bizkaian, 197 Nafarroan, 67 Araban eta bost bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Eta oinarrizko birsorkuntza datuari erreparatuta, gaitzak hedatzen jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan: 1,18ko tasa erregistratu zen atzo, eta aurreko bi egunetan 1,21 eta 1,23koa izan zen R0 datua.
Bestalde, ospitaleetan egoera okertu egin da. 64 lagun ingresatu dituzte azken orduetan eta guztira 545 daude EAEko erietxeetan; horietatik 125, ZIUn. Hala, aurreko egunean baino 38 gehiago dira plantan daudenak eta lau gehiago Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daudenak. Nafarroan, aldiz, zazpi lagun ingresatu zituzten eta guztira 193 daude ospitaleratuta; horietatik 37, ZIUn.
LABI teknikoaren bilera, bihar
Bestalde, Lehendakariak adierazi du bihar LABIko Batzorde Teknikoarekin batuko dela egoera epidemiologikoa aztertzeko, eta horren arabera erabakiko du Aholku Batzordea deitzea edo ez. Nolanahi ere, aurreratu du neurriak ez direla "lasaituko".
Bestetik, Urkullu alarma egoera mantentzearen alde agertu da. "Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ezartzen dituen autoen aurrean berme juridiko nahikorik ez izateak kalte egingo du", gehitu du.
Eta bukatzeko, txertoei lotuta, txertaketa-prozesua "ondo" doala esan du eta kontua ez dela "lasterketa bat ezartzea". Eta AstraZenecari buruz adierazi du ez duela ulertzen dauden "zalantzak", argudiatu baitu Sendagaien Europako Agentziak esan duenela onurak arriskuak baino handiagoak direla.