62 odolbildu eta 24 tronbo ikertu ostean, EMAk ondorioztatu du,"aukera oso gutxi" badaude ere, odoletako plaketa maila baxua izanez gero, odolbilduak izateko aukera egon daitekeela. Nolanahi ere, azpimarratu dute hori gertatzea "ezohikoa" dela eta txertoaren onurak "bigarren mailako efektuen gainetik" daudela.
Gauzak horrela, atzoko Lurralde arteko Kontseiluan, erkidegoek erabakia hartu zuten: 60 urtetik beherako herritarrei AstraZenecaren txertoa ez jartzea; hots, dosiak 60 eta 65 urte artekoei bakarrik ematea. Eusko Jaurlaritzak abstentziora jo zuen eta Nafarroako Gobernuak babestu egin zuen erabakia.
Kontseilua Europar Batasuneko Osasun ministroen bileraren ostean egin zuten. AstraZenecaren txertoa ikertzen jarraitzeko asmoa erakutsi zuen Europar Batasunak eta jarrera koordinatua izatearen alde egin zuten ministroek. Halere, ez zuten adostasunik lortu atzoko bileran. Horren adibide da Hego Euskal Herrian, Italian bezala, 60 urtetik gorakoentzat izango dela txertoa. Frantzian berriz, 55 urtetik gorakoentzat eta Erresuma Batuan, 30etik gorakoentzat.
Bigarren dosiarekin, zer?
Txertaketa etetearen ondorioz, AstraZenecaren lehenengo dosia jaso dutenekin zer gertatuko den zehazteke dago oraindik. Atzo Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak adierazi zuenez, bi aukera egon daitezke: bigarren dosia ez ematea (lehenengoarekin %70eko immunitatea lortzen delako) edo beste marka bateko txertoa jartzea.