Langabeziak behera egin du martxoan; otsailean baino lau langabe gutxiago daude bailaran

Uxue Igarza Loiola 2021ko api. 6a, 11:18

Debagoienean ez bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan langabeziak gora egiten jarraitu du martxoan ere, eta Lanbidek emandako datuen arabera, batez ere, emakumeen, gazteen eta 55 urtetik gorakoen artean atzeman da gorakada hori.

EAEko joeraren kontrara egin du eskualdeak, eta gutxi bada ere, langabezia-tasak behera egin du (%0,01) Debagoienean. Guztira, 2.633 pertsona daude lanik gabe bailaran (aurreko hilean baino lau gutxiago) eta hortaz, langabezia-tasa %8,45ekoa izan da martxoan.

Herriz herri, Bergaran eta Oñatin egin du behera langabe kopuruak, eta gainerakoetan, aldiz, gora (Aramaion salbu, berdin mantendu baita). Tasei erreparatuta, Arrasatek du langabezia-tasa altuena (% 11,23) eta Aramaiok txikiena (% 1,85).

Honako taula honetan daude herri guztietako datuak:

Herria Martxoko langabeak Langabeak guztira Langabezia-tasa
Eskoriatza +8 153 % 7,53
Aretxabaleta +2 229 % 6,66
Arrasate +2 1.172 % 11,23
Antzuola +1 71 % 6,39
Elgeta +1 34 % 5,89
Leintz Gatzaga +1 6 % 4,35
Aramaio = 14 % 1,85
Bergara -8 558 % 7,72
Oñati -11 396 % 7,28
GUZTIRA -4 2.633 % 8,45

EAEn, ia mila gehiago

Lanbidek emandako datuen arabera, 130.021 pertsona dira Euskal Autonomia Erkidegoan langabezian daudenak, eta martxoan 993 (otsailean baino % 0,77 gehiago) zenbatu dira. Bestetik, azken urteko datua ere eman du: pandemia hasi zenetik, 12.782 langabe gehiago daude erkidegoan.

Eta kontratazioei erreparatuta, martxoan % 28,64 handitu da horien zenbatekoa: 67.240 lan-kontratu egin dira eta horien % 13,2, (8.875)  mugagabeak izan dira. Halere, Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak nabarmendu du langabezia gehiago handitzen ari dela emakumeen artean gizonen artean baino: "Emakumeen langabeziarekin batera, langabeen kopuruak gora egin du berriro gazteenen artean eta 54 urtetik gorakoen artean. Beraz, gure lan-merkatuan egiturazkoak diren sakoneko desberdintasun-korronte horiek mantentzen dira".

Bukatzeko, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titularrak otsailean baino % 1,1 gutxiago izan dira martxoan (636 lagun gutxiago). Baina, jaitsiera horrek ez duela errealitatea "ezkutatzen" iritzi du  sailburuordeak: "Jaitsiera horrek ez du ezkutatzen duela urtebete baino 2.639 pertsona gehiago daudela egoera horretan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak