Itxi diren udalerrien zerrenda zapatuan argitaratu zen, eta gaurko egunean, martxoak 29, jarri da martxan. Guztira 19 udalerri egongo dira itxita Aste Santuan zehar, hala ere, ez da Debagoienako udalerririk agertzen zerrendan, ez baitago 400 kasuen langa gainditzen duen herririk, momentuz behintzat.
Bigarren ebazpena apirilaren 6an argitaratuko dute, eta hortaz, 400eko langa hori gainditu arren, hurrengo martitzenera arte ez da zerrenda eguneratuko.
Mugikortasunari erreparatuz, martxoaren 26rako ostatu batean erreserba eginda zeukaten pertsonei bidaiatzeko aukera ematea erabaki du LABIk. Horrela, apirilaren 1etik 11ra, herritarrek gaua pasatzeko erreserba egin duten herrira joateko aukera izango dute, helmugako udalerria 400dik gorako intzidentzia tasa izan arren.
Dekretuan zehaztutakoak
Indarrean dauden neurriak honako hauek dira:
Lurraldeen eta udalerrien arteko itxiera perimetrala.
Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartzeko eta ateratzeko mugak.
1.– Alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartu eta ateratzeko murrizketari eutsiko zaio.
2.– Era berean, mugatu egingo dira bizilekua finkatuta duten udalerrietako pertsonen sarrera eta irteera, artikulu honetan jasotako salbuespenekin, azken 14 egunetako kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 400 edo gehiago duten 5.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez; bai eta 5.000 biztanletik beherako udalerriei dagokienez ere baldin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak biztanleria-tamaina horretako udalerrietarako ezarritako parametro espezifiko baliokideen mugak gainditzen badira.
Era berean, COVID-19ak eragindako kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua, azken 14 egunetan, lurralde historiko batean, 100.000 biztanleko 400 edo gehiago bada, bizileku den lurralde historikoko pertsonen sarrera- eta irteera-murrizketa ezartzen da, artikulu honetan aurreikusitako salbuespenekin.
Nolanahi ere, mugakide diren eta ohiko zirkulazioa duten udalerrien arteko mugikortasuna baimenduko da, erosketak eta aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko.
Intzidentzia tasa metatua eta parametroak gainditzen dituzten udalerrien eta lurralde historikoen zerrenda astelehenetan eguneratuko dute (jaieguna bada, hurrengo lanegunean) Osasun Sailaren webgunean, eta hurrengo egunetik jarriko da indarrean. Aste Santuko jaiegunak direla eta, bigarren ebazpena apirilaren 6an, martitzena, emango dute, eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
3.– Joan-etorriak baimendu egingo dituzte, behar bezala justifikatuta baldin badaude.
- a) Osasun-zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.
- b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.
- c) Unibertsitate, irakaskuntza eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne.
- d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.
- e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea.
- f) Mugakide diren lurraldeetako finantza eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.
- g) Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko edo presako jarduketak.
- h) Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.
- i) Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.
- j) Ezinbesteko kasua edo premia-egoera dela eta.
- k) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.
4.– Artikulu honetan aurreikusitako mugak aplikatu behar diren lurralde-esparruetatik igarotzen den zirkulazioak ez du inolako murrizketarik izango.
5.– Artikulu honen ondorioetarako, interesdunak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena izan daiteke egiaztatzeko bidea, non interesdunak adierazten duen, bere erantzukizunpean, betetzen dituela dekretu honetan mugikortasun-mugaren salbuespenak justifikatzeko ezarritako betekizunak. Joan-etorriaren jatorriari, helmugari eta arrazoiari dagokienez egiaztatu nahi diren baldintzak zehaztu beharko dira adierazpen horretan. Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada edo faltsua bada, ezin izango da joan-etorriarekin jarraitu, hargatik eragotzi gabe dagozkion erantzukizunak.»
Pertsona-taldeak espazio publiko eta pribatuetan egotea
1.– Alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, eutsi egingo zaio erabilera publikoko espazioetan, itxietan zein aire zabalekoetan, eta erabilera pribatuko espazioetan egon daitezkeen pertsona-taldeen mugari. Gehienez ere lau pertsonako taldeak izango dira, salbu eta bizikideak badira. 2021eko martxoaren 26tik apirilaren 9ra bitarteko egunetan, bizikideak diren pertsonen-taldeak elkartu ahal izango dira soilik espazio pribatuetan.
2.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 7.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu honetan aurreikusitako mugaren barruan ez dira sartuko lan, hezkuntza eta erakunde-jarduerak, ezta aplikatu beharreko araudian berariazko neurriak ezartzen zaizkienak ere.
Ostalaritza eta jatetxeak
Azken 14 egunetako kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 400 edo gehiago duten 5.000 biztanletik gorako udalerrietan, eta 5.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan –Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak populazio-tamaina horretako udalerrietarako ezarritako parametro epidemiologiko espezifikoen mugak gainditzen badira–, ostalaritzako eta jatetxe-arloko establezimenduek murriztu egin beharko dute lokalen barruan jendea atenditzeko ordutegia bi ordu-tarte hauetara:
- 06:30etik 09:30era.
- 13:00etatik 16:30era.
Zerbitzuguneetan dauden herri horietako ostalaritza eta jatetxe-zerbitzuak irekita egon ahal izango dira ordutegi-muga horretatik kanpo, iragaitzazko erabiltzaileak artatzeko soilik.
Kirola
Azken 14 egunetako kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 400 edo gehiago duten 5.000 biztanletik gorako udalerrietan –5.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak populazio-tamaina horretako udalerrietarako ezarritako parametro epidemiologiko espezifikoen mugak gainditzen badira–, barruko eremuetan egiten diren kirol-jarduerek ez dituzte 4 pertsonako taldeak gaindituko, talde profesionalen eta federatuen entrenamenduei eta lehiaketei eragiten dietenak izan ezik.
Era berean, herri horietan, aldagelak eta dutxak itxi egingo dira kirol-instalazio mota guztietan, igerilekuetan izan ezik; horietan, aldagelak erabili ahal izango dira gehieneko edukieraren ehuneko 35eko mugarekin, eta dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banakakoak badira.
Joko eta apustu-lokalak
Azken 14 egunetako kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 400 edo gehiago duten 5.000 biztanletik gorako udalerrietan, eta 5.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan –Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak populazio-tamaina horretako udalerrietarako ezarritako parametro epidemiologiko espezifikoen mugak gainditzen badira–, joko- eta apustu-lokalek ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuak eman ahal izango dituzte establezimenduaren barruan bi ordu-tarte hauetan soilik:
- 06:30etik 09:30era.
- 13:00etatik 16:30era.
Xedapen gehigarriak
2021eko martxoaren 26a baino lehen egindako ostatu-erreserbak (gaua igarotzekoak) dituzten pertsonak, apirilaren 1etik 11ra bitartekoak, beren udalerritik erreserba egin duten herrira joan ahal izango dira, udalerri bateko edo besteko intzidentzia-tasa gorabehera.
Dekretu horretan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo dute, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, hogei eguneko epean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira.