HEMEN DEBAGOIENA

Gizartearen erronka konplexuei ikuspegi berriarekin aurre egiteko sortu da Arantzazulab

Gizartearen erronka konplexuei ikuspegi berriarekin aurre egiteko sortu da Arantzazulab, Gizarte Berrikuntza Laborategia. Gaur egin dute aurkezpena, eta gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta gizatiarragoa lortzeko erreferentziazko berrikuntza gunea dela adierazi dute bertan, besteak beste.

Joxe Mari Arregi, Frantziskotarra:

"Laborategia tresna ederra da gure ikuspegi humanista hedatzen jarraitzeko"

"Gure asmoa da Arantzazuk betidanik izan duen izaera humanista horri jarraipena ematea, eta laborategia tresna eder eta dotorea izango da gizarte gizatiarrago eta justuagoa lortzen jarraitzeko. Gu, frantziskotarrok, gutxituta eta zahartuta gaude, baina laborategiak izango du gaitasuna gizartearen erronkei erantzuteko modu humanista horrekin. Itxaropen handiarekin hasi gara, eta ikusteko gogoz gaude ze ibilbide izan dezakeen. Elkarbizitzan sakontzeko ere balioko duela uste dugu. Guk beti egin dugu horren alde; bestea anaia gisa ikustearen alde egin dugu, ez etsai gisa. Arantzazukoa izatea eskatzen diogu laborategiari, eta ziur gaude hemengo balioei jarraipena emango diola".

Izaro Elorza, Oñatiko alkatea:

"Euskal Herri osoarentzat balioko dute hemen egingo diren esperimentazioek"

"Arantzazu Gaur fundazioa sortu zenean, Arantzazuko ondarea zaintzea eta balioan jartzea izan ziren helburu nagusiak. Edozelan ere, garai berriak datoz orain, eta, hala, hori guztia egokitu beharrean gaude; horren harira, ziur nago laborategi berri honekin erronka horiek guztiak aurrera aterako ditugula. Gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, iraunkorragoa eta gizatiarragoa edukitzea du helburu laborategiak, eta hori guztia, hain zuzen, herritarrekin lankidetzan egitea lortu nahi du. Euskal gizartearentzat gune erreferentziala izateko asmoz sortu da, baina ez soilik Gipuzkoarentzako; bertako esperimentazioak Gipuzkoako mugetatik haratago ere aprobetxatzekoak izango dira".

Nagore Ipiña, MUko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa:

"Lehen aldiz aritu gara hiru unibertsitateak proiektu bati hastapenetik heltzen"

"Euskal Autonomia Erkidegoko hiru unibertsitateok elkarlanean jardungo dugu, eta lehen aldia da hirurok batera aritu garela proiektu baten hasierahasieratik elkarrekin lanean. Alde horretatik, balio erantsi handia du Arantzazulabek. Bereziki, ikerketa arloan jokatuko dugu rol nagusia unibertsitateok; ikergaiak identifikatzen eta begirada ezberdinak gurutzatzen. Hala, orain arte egin ez den ikerketa mota bat egingo dugu. Arantzazun kokatuta egon arren, Euskal Herrira begira dagoen topagune izateko bokazioa izango du. Gipuzkoan jaio den zerbait izan arren, hemen ikertuko denak Euskal Herrirako balioko du, gizartegintzan eta herrigintzan pauso bat eman nahi dugulako".

Elena Errarte, D2030eko koordinatzailea:

"Garai oparo batetik gatoz, baina erronka konplexuei egin beharko diegu aurre"

"Kontziente izan behar dugu une historiko batean gaudela, batez ere, aldaketa handiak etorriko direlako. Eta aldaketa horiei erantzuteko, herritarrak, erakundeak eta erdian dauden eragileak dira gizarte baten potentzialtasunik handiena. Hala, beharrezkoa da konexio horiek zaintzea eta horiek hobetzeko proposamen berriak eraikitzea. Azkenaldian, komunitate pertzepzio hori ahuldu egin da, eta, gauzak aldatzea nahi badugu, beharrezkoa da hori sendotzea. Garai oparo batetik gatoz, eta erronka oso konplexuei egin beharko diegu aurre; beraz, alde horretatik, elkarguneak aktibatzea funtsezkoa da erronka horiei komunitate gisa eta askotariko begiradekin erantzuteko".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.