ALBISTEAK

Arantzazulab Gizarte Berrikuntza Laborategia aurkeztu dute

Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategia, Arantzazulab, gaur goizean aurkeztu dute Gandiaga Topagunean. Arantzazu Gaur Fundazioak sustatutako gizarte eraldaketarako ekimen berritzailea da, eta hitza hartu dute Markel Olano diputatu nagusiak, Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendariak eta Oñatiko alkate Izaro Elorzak. 

Arantzazuk jakintzaren erreferentziazko topagune izaten jarrai dezan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak, Mondragon Korporazioak, Kutxa Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotar Probintziak abian jarri duten proiektu eraldatzailea da Arantzazulab.

Eraldaketa sozialera bideraturiko ikerketak, esperimentazioa eta sozializazioa ditu oinarri. Lau eremu nagusi ditu bere baitan: trantsizio ekologikoa, lana, elkarbizitza eta ongizatea. "Bizi dugun eraldaketa sakoneko garaian herri bezala ditugun gizarte erronka konplexuei ikuspegi berriarekin aurre egiteko xedea du laborategiak", azaldu du Markel Olano diputatu nagusiak.  Arantzazuk Gipuzkoako gizartean eta, oro har, euskal gizartean izan duen garrantzia azpimarratu du  Olanok. "Pandemiak azaleratu duen moduan, arazo eta desafio konplexuei komunitate gisa aurre egitea eskatzen du egungo munduak. Horretarako, ezinbestekoa da gizarte eta ekonomia ehun sendo bat, erakunde eta eragile sare indartsu eta dinamiko batekin eta, batez ere, herritar ahaldundu eta parte-hartzailez osatutako gizarte batekin".

Erreferentziazko berrikuntza gune

Gizarte are eta justuagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta gizatiarragoa lortzeko Arantzazu erreferentziazko berrikuntza gune eta herritarren topagune bihurtzea dela gizarte berrikuntza laborategiaren xedea adierazi du Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak."Egitasmoak bat egiten du historian zehar Arantzazuk izan duen izaera herrikoi eta berritzailearekin. Etorkizunean euskal gizarteak izango dituen erronka potoloenei molde berriekin erantzuteko beharrak batu dira Arantzazulab-en. Egungo testuinguruak dituen konplexutasunen, ziurgabetasunen edo etengabeko aldaketen aurrean, gizartea eraldatzeko bidea hasia du jada Arantzazulabek", gaineratu du Goiak.

Arantzazurentzat, eta baita Oñatirentzat ere, ingurune honek duen balioaz eta bere ekosistemaren garrantziaz jardun du Izaro Elorza Oñatiko alkateak. "Sakoneko aldaketa egin da, transformazio bat; bada, gizarte berrikuntzako laborategia sortzeaz gain, Arantzazu eta bere ekosisteman dauden azpiegitura eta baliabideak modu integral batean ulertu, kudeatu eta erantzutea nahi delako. Baliabide zabal guzti horien sinergiaz baliatuz, herriari berriro bueltan, balio erantsia ematen zaio esperientziak bateratuz. Ahalduntzerako topagune izan da eta izango da Arantzazu".

Euskal unibertsitateen elkarlana

Euskal hiru unibertsitateek elkarlanean parte hartu dute laborategiaren diseinuan: Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak. Mugarritzat jo dute elkarlana. "Ezagutza sortzeko elkargune izan nahi dugu, ikerketan lehiatu baino, indarrak batuz, eta kolaborazio espazioa sortuz", azpimarratu du Naiara Goiak.

Irekiera eta Nazioartekotze alorrean aurrerapauso nabarmenak eman dituela Arantzazulab-ek gaineratu du, eta dagoeneko nazioarteko eragile erreferenteekin lankidetza sareak josten ari direla, esperientzia aurreratuetatik ezagutza hartzeko eta eragin ahalmenak batzeko. "Batzuk aipatzearren, Australia, Kanada, Ameriketako Estatu Batuak, Alemania edota Norvegiako erakunde eta laborategiekin hasi ditugu lehen harremanak".

"Herritarrak, gazteak, iritzi liderrak, ekintzaileak, ikerlariak, erakunde publikoak eta gizarte eragileak eta adinekoak aktibatu nahi ditugu. Finean, Arantzazulab izan dadin etorkizuneko erronken inguruan elkarri entzun eta elkarrekin ikasteko, hausnartzeko eta esperimentatzeko guztiontzat elkargune".

Erlazionatuak

Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiaren aurkezpena argazkitan

Oñati

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak, Mondragon Korporazioak, Kutxa Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotar Probintziak abian jarri du...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.