Prebentziozko neurri gisara hartu dute konpainia horren txertoa emateari uzteko erabakia, astelehen arratsaldean egin duten erkidegoen arteko bileran. Sendagaien Europako Agentziak aztertuko du tronbosi kasuek txertoarekin izan dezaketen harremana, eta txostena eskuartean izan bezain pronto emango dituzte aditzera emaitzak, bileraren ostean zehaztu dutenez.
Hego Euskal Herrian, bi astez ezingo dute jarri txerto hori; Ipar Euskal Herrian, berriz, bihar arratsaldera arte baztertu dute, printzipioz. Erabakitzen joango omen dira. Espainiak, Frantziak, Alemaniak eta Italiak ere iragarri dute AstraZenecaren txertaketa etengo dutela, Europako Sendagaien Agentziak azterketaren emaitzen berri eman arte. Herriade horiek bakarrik ez: Danimarkak, Norvegiak, Herbehereek, Islandiak eta Irlandak ere erabaki bera hartu zuten joan den astean.
Sendagaien Europako Agentziak oraingoz 30 tronbosi kasu atzeman ditu AstraZenecaren dosia jaso duten pertsonen artean, eta Europar Batasunean bost milioi dosi banatu dira, denera.