Arrasate-Udalatx lasterketak 2022ra arte itxaron beharko du gutxienez

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mar. 15a, 16:03

2020ko edizioa guztiz prest zutela heldu zen pandemia, eta 2021ean ere Mondraitz klubekoek erabaki dute ez direla baldintzak ematen antolatzeko. Beraz, 2021ean ere ez da Arrasate-Udalatx proba egingo. "Akaso beste diziplina batzuetan eta baldintza bereziekin hasi dira lasterketak. Aurten lehentasunak, pertsonalak zein komunitate mailakoak, beste nonbaitera bideratzea erabaki dugu eta lasterketa ez dugu antolatuko", adierazi du Mondraitzeko Ganix Lasak.

Iazko edizioa erabat prest zutela heldu ziren alarma egoera eta konfinamendua eta aurten ere, ondo baloratu ostean, erabaki dute ez antolatzea. 2020an ezin izan zuten ezer antolatu baina aurten Mondraitzekoek badute zerbait buruan Aste Santura begira: "Ekintza birtual xume bat dugu buruan,  Aste Santura begira. Hori bai, ez dugu ezer zehaztuta".

"Ea Arrasatek beste kolore bat hartzen duen"

Udaberrian Arrasatek izan ohi duen kolorea berreskuratzea espero dute antolatzaileek: "Udaberrian Arrasaten hainbat ekintza izaten dira, eta Arrasate-Udalatx horietako bat izatea nahi dugu. Etorkizunean ez dakigu lasterketa ezagutzen genuen moduan egiterik izango dugun edo beste ekintza batzuk antolatu beharko diren... Ea Arrasatek dagokion indarra berreskuratzen duen, ea beste kolore bat hartzen duen eta denok itzultzen garen".

Datorren urteko izen-ematea zabaltzen dutenean aurreko urteko irizpideak mantenduko dituzte, alegia, izena emanda duten guztiek lehentasuna izango dute 2022an. Hau da, ezohiko izen emate prozesu bat zabalduko dute eta 2020an dortsala zutenek aurretiaz izena emateko aukera izango dute.

Aloñako igoera urriaren 17ra atzeratu dute

Bestalde, Aloñako Igoera urriaren 17ra atzeratzea erabaki dute antolatzaileek. Espero dute udazkenean pandemiaren egoerak hobera egitea eta mendi lasterketa antolatzeko bete beharreko baldintzak hobetu zehaztuta egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak