ALBISTEAK

Mugikortasun arazoak dituzten hainbat lagunek hartu dute txertoa, autotik jaitsi gabe

Miren Arregi Amasorrain 2021ko mar. 8a, 18:50

Mugikortasun arazoak dituzten 60 lagun zeuden deituta gaur goizean Debagoieneko ospitalean egokitu duten gunera eta ez dute hutsik egin. Hala, Pfizer bakunaren lehen dosia hartu dute, autotik jaitsi beharrik izan gabe.

Koronabirusaren aurkako txertaketa-planaren baitan, gaur goizean, mugikortasun arazoak dituzten adinekoek txertoa hartzeko gunea egokitu du Debagoieneko ESIk. "Autoan bertan jasotzen dute txertoa, Pfizer-ena kasu honetan. 60 pertsonek dute hitzordua gaur eta momentuz denak etorri dira", azaldu du erizain Kizkitza Alustizak. "Pozik datoz eta baita urduri ere, kontutan izan behar da batzuk urteak daramatzatela etxetik irten gabe", gaineratu du. Txertoaren lehenengo dosia hartu dute gaur, eta hiru aste barru hartuko dute bigarrena. 

Txertaketa-plana Debagoienean

Koronabirusaren aurka Debagoienean eman diren txertoen gaineko datuak ere eman ditu Debagoieneko ESIk. Eguen honetara arteko datuen arabera, guztira zaharren egoitzetako egoiliarren, hango langileen eta osakidetzako langileen artean 4.083 dosi ipini dira. Horiek guztiek ipinita dute bigarren dosia, beraz, zikloa bukatuta daukate dagoeneko. 

Gainera, lehenengo dosia hartuta dute –beti eguenera arteko datuak kontutan izanik–, 100 urtetik gorako 6 lagunek, 87 eta 100 arteko 509k eta oinarrizko zerbitzuetan, etxez etxeko lanetan (udal langileak) eta hezkuntzan diharduten 191 pertsonak. Esan bezala, bigarren dosia hartzeke dute horiek.

Aste betean 47.000 dosi 

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko txertaketa-kanpainari dagokionez, osasun sailburu Gotzone Sagarduik atzo aurreratutakoaren arabera, aste betean –egubakoitzetik egubakoitzera– 47.000 dosi emango dira. Gainera, eguenera arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 25 gune baziren COVID-19aren aurkako txertoak jartzeko, atzotik, 117 espazio dira guztira. Hamar daude Araban, 76 Bizkaian eta 31 Gipuzkoan.

Txertoaren dosiak bigarren aldirako gordetzearen alde ere azaldu zen Sagardui, eta defendatu zuen, pertsonen inmunitatea bermatu gura bada hori dela hartu beharreko bidea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak