ALBISTEAK

Martxoaren 8rako kaleko mobilizazioak deitu ditu mugimendu feministak

Hasier Larrea 2021ko mar. 5a, 13:24

Osasun egoerak baldintzatu arren, Martxoaren 8an kalera irteteko deia luzatu du mugimendu feministak, sistemari arrakalak sortzeko konpromisoarekin. Aurten zaintzaren alorrari jarri diote arreta, pandemiaren eraginez emakumeen egoera oraindik eta zaurgarriago bilakatu dela iritzita.

"Mugen eta transnazionalen menpeko sistema kolonialista eta arrazistan bizi garela" deritzo mugimendu feministak, emakume arrazializatuek emakume zuriek baino egoera okerragoa bizi dutelarik. Horregatik ikusarazi nahi izan dituzte aurten emakume etorkinen egoera prekarioa eta emakume zurien pribilegioak, pertsonen kontzientzietan ere arrakalak sortzea lehenetsiz.

Arratsaldeko manifestazioak

Arrazoi horiengatik aterako dira bailarako herrietan emakumeak kalera datorren astelehenean. Arratsaldeko seietan daude deituta mobilizazioak Aramaion, Leintz Gatzagan, Aretxabaletan eta Antzuolan, sei terdietan Bergara eta Eskoriatzan eta 19:00etarako deitu dituzte Oñatin, Elgetan eta Arrasaten. Bergaran beste bi kontzentrazio ere egingo dituzte: Duintasuna taldeak deitu du 12:00etan udaletxearen aurrean; Deba bailarako Itaia taldeak, berriz, epaitegiaren aurrean batuko da arratsaldeko 6etan.

Mugimendu feministak garrantzitsua jo du martxoaren 8an kaleko presentzia bermatzea, hori bai, segurtasun neurriak errespetatuz.

Ekitaldi ugari antolatu dira

Mobilizazioetaz gain, emakumearen nazioarteko egunaren bueltan ekitaldi ugari antolatu dira bailaran. Gaur kontsumoa eta indarkeria izeneko hitzaldia eskainiko du Irantzu Varelak Eskoriatzako Zaldibar antzokian, eta bihar Neomak taldeak kontzertua eskainiko du zazpietan herri berean. Domekan, ostera, emakume artisauen azoka egingo dute Oñatin.

Erakusketak ere ez dira faltako, Bergarako Laboratoriumen ireki baitute 30 emakume ahaztezin izeneko galeria. Arrasateko emakume txokoan ere jarri dituzte martxoaren 8ko kartel lehiaketan parte hartu duten artelanak.

Bestalde, aurten Lilatoia lasterketa solidarioan aplikazio bidez parte hartzera gonbidatu dituzte emakumeak. Gaurtik astelehenera bitarte egin ahalko da, bakarka zein taldeka. Emakumeen Mundu Martxako zapiak, bailarako feministek diseinatutakoak barne, bihar iritsiko dira Irun eta Hendaia artera, ekitaldi sinbolikoa irudikatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak