90 urtetik gorakoak txertatzen hasi dira gaur

Uxue Igarza Loiola 2021ko mar. 1a, 16:55

Txertaketa-kanpainaren fase berria abiatu da gaur EAEn, baina Debagoieneko Ospitalera oraindik ez dira dosi horiek iritsi. Nolanahi ere, aste honetan, Hezkuntza arloko eta eguneko zentroetako langile eta egoiliarrak txertatzen jarraituko dute, besteak beste.

30.000 pertsona inguru dira lehenengo dosiak jasoko dituzten 90 urtetik gorakoak Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Sagardui sailburuak azaldu du haien beharretara egokitutako zerbitzua emango dela "osasun-zentroekiko hurbiltasuna lehenetsiz", baina behar den kasuetan "etxeetara hurbilduz". Gainera, auto bidezko txertaketa ere egingo dela iragarri du. Halere, bailarara etorrita, Debagoieneko Ospitaletik oraindik ez dute zehaztu noiz eta nola abiatuko den txertaketa eskualdean.

Dena den, 100 urtetik gorakoekin egiten ari diren bezala, 90etik gorakoek ere telefono deia jasoko dute hitzordua adosteko, eta Pfizer edo Moderna markekin txertatuko dituzte; baita egoitzetako erabiltzaile eta langile soziosanitarioak eta osasun arloko profesionalak ere. Bestetik, AstraZenecaren txertoari dagokionez, aste honetan kolektibo gehiagotara zabalduko da: udaltzaingoekin, suhiltzaileekin eta eguneko zentroekin hasiko dira eta hezkuntza esparrukoekin jarraituko dute.

Hezkuntza arloko txertaketa, abian

Eguenean hasi zen Hezkuntza arloko langileen txertaketa EAEn. Osasun Sailak zehaztutako eran, 55 urtetik beherako Haur Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko profesionalekin eta jantokietako begiraleekin hasi zuten txertaketa. Guztira, 15.000 lagun inguruk osatzen dute taldea, eta aipatu bezala, AstraZeneca konpainiaren txartoak jasoko dituzte.

Desgaitasun egoeran daudenak ere, gaurtik hasita

Osasun Sailarekin koordinazioan, Foru Aldundia gaur hasi da desgaitasun egoeran dauden pertsonei txertoak ematen. Eguneko zentroetako erabiltzaileei, etxebizitzetan bizi direnei eta horiek zaintzen eta artatzen dituztenei emango dizkiete dosiak.

Aldundiak adierazi du adinekoen eguneko zentroetan txertaketa bizpahiru astetan amaitzea aurreikusten duela, eta desgaitasun-baliabideetan, berriz, bi aste barru.

Erlazionatuak

Txertoen 129.340 dosi jarri dira EAEn

Uxue Igarza Loiola 2021 mar 01 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak