Txertoen 129.340 dosi jarri dira EAEn

Uxue Igarza Loiola 2021ko mar. 1a, 13:59

195.560 txerto iritsi dira Euskal Autonomia Erkidegora momentura arte. Horietatik 149.760 dira Pfizerrenak, 7.900 Modernarenak eta 37.900 AstraZenecarenak. Halere, guztira, 47.926 lagunek jaso dituzte gaitzari aurre egiteko behar diren bi dosiak.

Momentura arte, 129.340 dosi eman dira guztira  EAEn (120.429 Pfizerrenak, 4.770 Modernarenak eta 4.141 AstraZenecarenak), baina guztira, 47.926 pertsona dira bakoitzak behar dituen bi dosiak jaso dituztenak. Nolanahi ere, Osasun Sailak azaldu du 44.136 dosi daudela gordeta, lehenengoa jaso duten horiek bigarrena har dezaten.

Txertaketa taldeei dagokienez, zentro sozio-sanitarioetako egoiliar eta profesionalen %97,3k jaso du lehenengo dosia eta %96,3k bigarrena. Osakidetzako profesionalen taldean, berriz, %78,5ek jaso du lehenengoa eta %29,4k bigarrena. Eta, bukatzeko, Ertzaintzako agenteek eta arlo pribatuko osasun langileek lehenengo dosia jaso dute bakarrik: ertzainen %47,6k eta profesionalen %32,6k, hain zuzen ere.

Talde bakoitzak txerto marka bat, bi edo hirurak erabiliko ditu. Beheko irudian agertzen da zein dagokion bakoitzari:

1. taldea: adinekoen eta mendekotasun handia duten pertsonen egoitzetako egoiliarrak eta haietan lan egiten duten langile sanitarioak.

2. taldea: esparru sanitarioko eta soziosanitarioko lehen lerroko pertsonala.

3. taldea:  bi azpi-multzo daude:

  • 3.A. Lehen mailako arreta ematen duten ospitale-eremuko langileak, baina funtsezko lehen lerrokotzat jotzen ez direnak –lan-jardueraren esposizio-arriskuaren eta babes-neurri egokiak hartzeko aukeraren arabera–: maskara gabeko pazienteak 15 minututik gora artatzen dituzten profesional sanitarioak, hala nola estomatologia eta odontologiakoak, hortz-higienekoak, medikuntza estetikoak, logopedak, foniatrak...
  • 3.B. Pandemiaren kudeaketan eta erantzunean inplikatuta dagoen eta 2. taldean txertatu ez den osasun publikoko zerbitzuetako pertsonala. Eguneko zentro soziosanitarioetako pertsonala, desgaitasun egoeran dauden pertsonentzako zentroetako langileak, udaletako etxez etxeko laguntza zerbitzuen langileak, farmazia-bulegoetako pertsonala, kontsulta medikoena, fisioterapiakoak edo beste partikularrak, osasun-ikuskapeneko, lege-medikuntzako eta auzitegi-medikuntzako zerbitzuena, adingabeen egoitzetako pertsonala, helduen espetxeetakoa …

4. taldea: mendekotasun handia duten pertsonak; hau da, laguntza-neurri handiak behar dituztenak eta gaur egun etxean bizi direnak.

5. taldea: multzo honetan ere, hiru azpi-talde zehaztu dituzte

  • 5.a taldea. 80 urteko eta gehiagoko pertsonak

  • 5.b taldea. 70-79 urteko pertsonak

  • 5.c. taldea. 60-69 urteko pertsonak

6. taldea:

  • 6.A Polizia (Ertzaintza, Udaltzaingoa eta beste batzuk)
  • 6. B Haur-hezkuntzako eta behar bereziak dituzten haurren irakasleak
  • 6.C. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak

Horrez gain, Osasun Sailak adierazi du txertoak eskuragarri dauden neurrian, bestelako kolektibo batzuk ere hartuko direla kontuan 6. taldean (supermerkatuetako kutxazainak, garraio publikoko garraiolariak, ofiziozko txandako abokatuak eta ehorztetxeetako langileak...).

7. taldea: 60 urtetik beherakoak, baldin eta gaixotasun larria izateko arrisku handia badute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak