Debagoieneko Ospitalean 100 urtetik gorako sei lagunek jaso dute txertoa

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ots. 25a, 11:28

Martxoan 102 urte beteko dituen Bixente Murgoitio bergararra txertoa hartzen. Argazkia: Eitb.eus

COVID-19 gaitzaren aurkako txertaketa-planaren baitan asteon hasi dira hirugarren taldea osatzen dutenak txertatzen. Hala, 100 urtetik gorako sei debagoiendarrek hartu zuten txertoa, atzo, eguaztena, Debagoieneko Ospitalean horretarako egokitu duten espazioan.

Debagoieneko ospitalean txertoa hartu duten 100 urtetik gorako sei debagoiendarretako bat da Baldomera Mendizabal. Zapatuan, 101 urte beteko ditu aretxabaletarrak, eta bere esperientzia nolakoa izan den azaldu du.

Baldomera Mendizabal aretxabaletarra.

Etxetik taxia hartuta, bakarrik joan zen ospitalera eta di-da baten jarri zioten. 21 egun barru berriro itzuli beharko da: "orduan lagunduta joango naiz, ze esan didate bigarren ziztada gogorragoa dela" adierazi du. GOIENAk txertoa hartu eta ordu batzuetara, atzo arratsaldean, egin zuen berba harekin. "Apur bat nekatuta" zegoela adierazi zuen, nahiz eta besoa minduta ez zuela gehitu. Harengatik balitz txertoa hartzera ez zela joango, baina Osasun zerbitzuen deia jaso zuenez, erantzukizunez jokatu eta txertatzera joan zela adierazi zuen. Izan ere, dio, ohiko gripearen aurkako txertoak ez diola onik egin izan; berarendako erremedioa berakatzak direla; "1918ko gripe izurritearen ondorioz jende asko hil zen eta orduan berakatzak salbatu ei zituen asko". Harendako, miresgarriak dira berakatzak.

Datozen egunetan, eguneko zentroan eta etxean

Debagoieneko ESItik azaldu moduan, Ospitalean txertoa hartu ez zuten bi egoiliarrek eguneko zentroan hartuko dute txertoa, eta azken batek, etxean. 

Bien bitartean, profesional soziosanitarioei eta Osakidetzako langileei txertoa ematen jarraitzen dutela adierazi dute ESItik, eta baita asteon hasi direla Debagoieneko Ospitalean praktikak egiten diharduten ikasleei lehen dosiak jartzen.

Hiru kolektibok jasoko dute txertoa

Horretaz gain, Aldundiak aditzera eman du egubakoitzean hasiko direla Gipuzkoako 63 eguneko zentroetako adineko erabiltzaileak eta 55 urtetik gorako profesionalak txertatzen. Gipuzkoan adineko pertsonentzako 63 eguneko zentro daude eta sareak 1.825 plaza ditu, guztira. Hiru kolektibok jasoko dute txertoa, zehazki: 15 pertsona baino gutxiagoko bizikidetza-unitateetan bizi diren desgaitasuna eta gaixotasun mentala dutenak, eguneko zentro batera joaten direnak eta arreta ematen dieten profesionalak ere. Horrenbestez, Aldundiak 55 urtetik beherako profesional soziosanitarioei Astrazenekako txertoak ematen jarraituko du, eta Pfizer eta BioNtech-enak erabiltzaileei eta 55 urtetik gorako langileei.

Txertoa hartzen hurrenak izango dira: ikuskaritza zerbitzuko profesionalak, mendekotasuna eta desgaitasuna baloratzeko etxeetara joaten diren taldeak eta arreta goiztiarreko profesionalak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak