Euspot euskarazko spot lehiaketaren aurkezpena egin dute, gaur, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioaren Fakultatean. Aurten, lehiaketaren hamargarren edizioa izango da, eta Aretxabaletako Udaleko, MUko, Arizmendiko eta Artemaneko ordezkariez gainera, Eusko Jaurlaritzako Hazi Saileko ordezkariak ere izan dira bertan. Edizio honetan, gainera, lehenengo sektorea ardatz hartuta, Nekazaritzatik bizi nahi dugu! izango da hautatu duten gaia.
Landa eremura gerturatzea
Spot batekin herritarrak kontzientziatu nahi dituzte bertako familia nekazaritzak ingurumen eta gizarte jasangarritasunari ematen dion guztiari balioa emateko eta lehen sektorea indartzeko. "Aurtengo spotak gazteak animatu beharko ditu familianekazaritzatik bizitzera. Helburua gazteak eta horien artean, batez ere, emakumeak landa eremura gerturatzea izan behar da", adierazi du Arantzazu Lagunillak, Artemaneko zuzendariak. Gaineratu du Euspotek gizartearekin erlazionatutako gai sozial bat aukeratu duela azken edizioetan. "Nekazaritzak Euskal Herrian izan duen historia ezagututa, interesgarria iruditu zitzaigun gazteak nekazaritza mundura erakartzea".
HELBURUA DA GAZTEAK ETA, BATEZ ERE, EMAKUMEAK LANDA EREMURA GERTURATZEA
Formatu librean grabatu daiteke
Edizio honetan, lanen iraupena 30 segundokoa izan behar da, gehienez, eta aurtengo berrikuntza nagusia izango da formatu librean izango dela. Hau da, spota edozein formatutan grabatu ahal izango da: horizontalean edo bertikalean. Partehartzaileek maiatzaren 12ra bitartean izango dute aukera euren lanak aurkezteko, eta sari banaketa maiatzaren 27an egingo da. Horrez gainera, sormenari buruzko online formakuntza eskainiko du antolakuntzak, spot egileen harrobia indartzeko. Ikus-entzunezko publizitatearen gainekoa izango da, eta Julen Urtxegik eskainiko du, Euspot 2020ko irabazle eta ikusentzunezko sormenean adituak.
2.800 euro saritan
Sei sari banatuko dira, guztira, Euspot-en hamargarren edizio honetan: spotik onena (1.000 euro), publikoaren saria (500 euro), musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro) eta gazteen saria (250 euro), 14 eta 18 urte bitartekoentzat zuzendutakoa. Horiez batera, sari gehigarriak izango dira: MUko ikasleen spotik onena (500 euro) eta Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).