Oihal zatiak mozten eta josten aritu dira gaur hainbat emakume, Bergaran. Otsailaren 20an iritsiko da Debagoienera Emakume Mundu Martxaren V. edizioko karabana eta ordurako prest behar du 2,5 x 1,5 metroko zapia. Lelo nagusi bat aukeratu dute: "Zure etxe hutsa alokatu pertsona migranteentzako" eta hori izango da ikusgai martxoaren 6an Irun eta Hendaia arteko zubian egingo den ekitaldi nagusian. "Herri bakoitzak bere zapia egingo du bere leloarekin eta karabana bat egongo da Euskal Herri guztitik pasako dena. Debagoienera etorriko da otsailaren 20an herri desberdinetan egin diren zapiak jasotzera", gogorarazi du Martxanterak taldeko Ariane Alberdi Iñarrak.
Mundu mailako ekintza bat da Emakumeen Mundu Martxa eta helburua da ekintza Euskal Herri guztian zabaltzea eta horrekin batera askotariko talde feministak saretzea ideia eta lanketa horren bueltan. "Txosten oso interesgarri bat landu da eta webgunean dago eskuragai. Formazio telematiko bat ere egongo da", zehazten du Alberdik.
Formazio horretan Emakume Mundu Martxak oraingo honetan dituen hiru gai nagusiak jorratuko dituzte: mugak, transnazionalak eta migrazioak. Hain zuzen ere, landutako txostenaren irakurketa kolektiboa egin dute, gaur, Bergaran, eta 12:00etan herriko erretiratu eta pentsiodunek egindako manifestaziora batu dira Martxanterak.