Arrasateko 111 kasuak gogoratu eta torturarekiko "inpunitatea" salatu dute

Julen Iriondo 2021ko ots. 13a, 13:44

Joxe Arregi zizurkildarra Espainiako Polizia Nazionalak torturatuta hil zeneko 40. urteurrenean, bilkura egin dute Arrasaten, Sortuk deituta. Euskal Herrian 5.657 tortura kasu egiaztatu direla gogorarazi dute, eta horietako 111, Arrasaten. Oñatiko Ernaik, berriz, herriko 60 kasuak ekarri ditu gogora, eta bideo bat jarri du sarean.

Bilkuran batutakoek 111 zenbakira arteko guztiak jasotzen zituzten orriak erakutsi dituzte. Torturaren erabilera "sistematikoa" izan dela salatu du Sortuk, Gaizka Azkarateren ahotan: "Boterearen edo injustizien aurka altxatzen den ororentzat mezu argia da tortura, antolatu den militante politiko orori mezua: 'Badakizue zer gertatuko zaizuen'. (...) Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren zein Ertzaintzaren kuarteletan egin zizkiguten astakeriek eragindako minak oraindik ez dira sendatu. (...) Torturaren errealitateak ardurak onartu eta argitzea eskatzen du, bera posible egin eta denboran iraunarazteak arduradun politiko, instituzional, polizial, mediku, judizial eta mediatikoen inplikazio zuzena izan duen neurrian. (...) Gaur, oraindik, torturak inpunitate osoa izaten jarraitzen du, eta torturatzaileak, behin baino gehiagotan, egindako lanagatik sarituak eta kondekoratuak izan dira".

Bake eta askatasun agertoki baterako bidean, "torturaren egia argitara ematea" eta jasan dutenei aitortza eta erreparazioa eskaintzea eta ez errepikatzeko bermeak ematea ezinbestekoa da, Sorturen arabera: "Tortura beraren existentzia ukatzeak, sakonean, Euskal Herriak Estatuarekin duen gatazka politikoa ezkutatzea bilatzen du. Modu horretan, fikzio-kontakiuzun bat inposatu nahi digute, zintzoen eta gaiztoen artekoa, herri oso bati hitza eta erabakia ukatzen jarraitzeko, herri oso baten sufrikarioa eta mina betikotzeko".

Oñatiko Ernaik, bideoa

Oñatiko Ernaik, bestalde, bideoa jarri du sarean, Torturaren Aurkako Eguna dela-eta. Bideoa jartzearekin batera, Ernaik gogora ekarri du 1960 eta 2014 artean oñatiarrek jasandako 60 tortura kasu daudela egiaztatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak