Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak "kalean" jarraitzen duela aldarrikatu dute, "pentsio publiko duinak" eskatzen. Eguerdian egin dute manifestazioa Oñatiko, Arrasateko, Bergarako eta Antzuolako pentsiodunek.
Gobernuari eskaera
Pentsiodunen mugimenduak Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitu du manifestazioa gaurko; horrez gain, bailaran ere egin dira elkarretaratzeak. Zera eskatu diote Espainiako Gobernuari: 2010eko eta 2012ko lan-erreformak eta 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen murrizketak indargabetzea; eta, Kongresuan Toledoko itunaren gomendioak berretsi ostean, iragarri dituzten murrizketa berriei uko egitea.
Ideia neoliberala oinarrian
Nabarmendu dute agerian utzi dutela pentsio sistema publikoa jasanezina denaren ideia. "Orain arte pentsiodunek pentsio oso altuak dituztela eta denbora gehiegi bizi direla dioen ideia neoliberalean oinarritu dira Gobernuak. Baina, pentsioen arazoa diru-sarreretan dago, ez gastuetan", azaldu du Oñatiko mugimenduko bozeramaile Xabier Oregik.
Espainiako Gobernuari, EAEko eta Nafarroako Gobernuei eta horien parlamentuei eskari zuzena egin die: pentsiodunen beharrak asetzeko beharrezkoa dena egitea. Horrez gain, gutxieneko pentsioa 1080 eurokoa izatea; pentsioen birbalorizazio automatikoa; lanbidearteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa; 40 urteko kotizazioa duten erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea; jasangarritasun faktorea ezabatzea; genero arrakalarekin amaitzea; eta, pentsio plan eta funts pribatuen eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundeen zerga-desgrabazioak ezabatzea eskatu dute.
Astelehenean, berriro ere kalera
Pentsiodunek hiru urte daramatzate astelehenero elkarretaratzeak egiten: "Lortutakoa ez da nahikoa, eta pentsio sistema publikoa ahalik eta gehien murriztu nahi dutenek espero dute guk kaleetatik alde egitea". Nabarmendu dute borrokan jarraituko dutela: astelehenean dute hurrengo hitzordua, 12:00etan, plazan.