Debagoieneko Mankomunitatea aspalditik dabil zero zabor filosofiarekin lanean, hiri hondakinak gutxitzeko, eta berrerabilpena eta birziklapena areagotzeko ekimenak martxan jarriz. Zentzu horretan, Ondo berezitua, asko aurreztua izenekoa kanpaina berria aurkeztu dute gaur, edukiontzi horiekin eta ontzi arinen birziklatzeareklin lotuta helburu garbi bat duena: "Edukiontzi horietan pilatzen diren hondakin inpropioak gutxitzea da helburua", azaldu du Mankomunitateko presidente Maite Antonek
Azken bi urteetan gora egin du edukiontzi horietan botatzen diren hondakin ez egokien kopuruak. Pixoihalak edo hondakin organikoak dira horietako batzuk. Hala, ontzi arinen bilketan aurkitu ohi den hondakin inpropio kopuru altuak birziklapen prozesua eten eta zailtzen du. Ez hori bakarrik, ingurumen kaltea eragin eta diru-galera handia ere suposatzen du Mankomunitatearentzat.
Kanpaina, herririk herri
Zapatu honetan egingo dute lehen ekimena, Antzuolan, eta ostean etorriko dira, hurrenez hurren: Arrasate, Aretxabaleta, Bergara, Elgeta, Oñati, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga.
Herri bakoitzean informazio puntu bana jarriko dute plazaren inguruan, azalpenak eman eta ohitura egokien dekalogoak banatzeko. Gainera, ume zein gaztetxoekin ekintza ezberdinak egingo dituzte: hondakinen urrezko hiru arauen murala, hondakinen karakterizazio saioa eta hondakinen ginkana.
Era berean, online galdetegia sortu dute herritar guztiei egoera hobetzeko ekarpenak eta proposamenak egiteko aukera eskaintzeko. Ekimenetan parte hartzen duten edo ekarpenak egiten dituzten herritar guztien artean kotoi organikozko poltsen eta soltean erosteko zakuen zozketa egingo da.
Ekintza presentzialetan protokoloak zorrotz beteko dituztela iragarri dute, eta aldez aurretik izena emateko gomendioa egin.
Hona hemen egutegia:
- Antzuola: otsailak 6 (10:30-14:00)
- Arrasate: otsailak 13 (10:30-14:00 eta 15:30-19:00)
- Aretxabaleta: otsailak 20 (10:30-14:00)
- Bergara: otsailak 27 (10:30-14:00 eta 15:30-19:00)
- Elgeta: martxoak 6 (10:30-14:00)
- Oñati: martxoak 13 (10:30-14:00 eta 15:30-19:00)
- Eskoriatza: martxoak 20 (10:30-14:00)
- Leintz Gatzaga: martxoak 27 (10:30-14:00)