Alavesko zaleek gogoan dituzte ibarreko futbol jokalari historikoak

Xabier Urtzelai 2021ko urt. 29a, 18:00

Deportivo Alavesek 100 urte bete zituen joan den zapatuan, eta, ospatzeko, talde babazorroak 39 jokalari historikoenak batu ditu Fournier etxearekin elkarlanean egindako eskuko kartetan. Hain zuzen, Debagoieneko lau jokalari daude tartean: Bixente Etxeandia, Jesus Mari Aranbarri, Jose Mari Otadui Txosa, eta Josu Ugarte.

Alaves futbol taldea 100. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabilen honetan, lau debagoiendarrek protagonismoa hartu dute. Urri inguruan jarri ziren eurekin harremanetan, talde babazorroko zaleek klubetik pasa diren 39 jokalari esanguratsuenen artean aukeratu zituztela eta eskuko kartak egin behar zituztela eurekin. "Eta ze gauza polita! Ohorea izan da, egia esan", dio telefonoaren beste aldetik Bartzelonan lan egiten duen Josu Ugartek.

Ugarte izan zen Alavesko kapitain izateko ardura izan zuen azken debagoiendarra. 90eko hamarkadan jokatu zuen Ugartek talde arabarrean (1989-1993), eta lehenengo bi denboraldietan Mondrako beste jokalari ohi bat izan zuen ondoan, Jose Mari Otadui Txosa. Hain zuzen, Gasteizko taldeko orduko zuzendaritzak taldea Hirugarren Mailatik Bigarren B mailara igotzeko helburuarekin fitxatu zituzten biak ala biak.

Eta horretan zeresan handia izan zuen beste arrasatear batek, Jesus Maria Aranbarrik. Izan ere, lehenago jokalari izandako Aranbarri ordurako entrenatzaile laguntzaile lanetan zebilen Alavesen. "Nik beti esan ohi dut bihotza zatituta daukadala. Gaztetan Realarekin egin nuen debuta, eta Puertollanoko gola sartu izanagatik ezagutzen naute Realeko zaleek". Izan ere, Aranbarrik debutaren egunean sartutako gol hark zabaldu zizkion Realari Lehenengo Mailako ateak. Eta, bost urtez Realean egon eta gero, Donostia utzi eta Gasteizerako bidea egin zuen Garagartzako semeak. "Alaves Hirugarren Mailan zegoen orduan, eta Bigarren B mailara igo ahal izan genuen. Urte hartan, ligako goleatzaile nagusia izan nintzen; oso urte onak izan ziren haiek (1972-1978). Horregatik diot bihotza zatituta daukadala. Egun, derbietan, Anoetan jokatzen badute irabaz dezala Realak eta Mendizorrotzan jokatzen dutenean Alavesendako izan daitezela puntuak", dio, barre eginez.

Beteranoena, Etxeandia

Hiru protagonista horien aurretikoa da, baina, duela bi urte hil zen eta Aretxabaletan horren maitatua den Bixente Etxeandia. Alavesko historikoetako bat, 18 urterekin hasi zen futbolean. UDAn egin zituen lehen urratsak, 1949an, eta 1952ra arte ibili zen jokalari bertan. Ondoren, urrezko garaiak bizi izan zituen Deportivo Alaves taldera egin zuen salto, eta bertan aritu zen, 1957ra bitartean. 1954-55 denboraldian 22 gol sartu zituen Lehenengo Mailan. Horrez gainera, babazorroen taldean aritu zen sei denboraldietatik bitan gol gehien sartu zituen jokalaria izan zen, eta Alaves taldearen historian gol gehien sartu dituzten jokalarien artean dago Etxeandia. Hala, Granadara joan eta gero, Alavesera itzuli zen Etxeandia. Hala, aurrelari trebea Gasteizen ondo gogoan dute oraindik ere; kartetan biko kopa ordezkatzen du aretxabaletarrak.

Bixente Etxeandia zuri-beltzeko argazkian. 2019an hil zen aretxabaletarra.

'Txosa'-ren Elgoibarko bi golak

Gasteizko taldean urte gutxien egin zituen jokalaria izan zen Txosa, baina arrastoa utzi zuen jokalari funtsezkoa izan zen Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara igotzeko. 80ko hamarkada gogorra izan zen Gasteizko taldearendako. 1983an, taldea Bigarren B Mailara jaitsi zen, eta 1986an, nahiz eta sailkapenean bosgarren geratu, arazo ekonomikoengatik taldea Hirugarren Mailara jaitsiarazi zuen Federazioak. Alaves desagertzear zegoen, eta, 1989-90 denboraldian, enpresaburu talde batek kluba erosi zuen, berriro ere behetik gorako bidea hasteko. Baina ez zen horren erraza, Ugartek azaldu duenez: "Hainbat urtez Hirugarren Mailan egon eta gero, 1989an taldea ondo indartu zuten, klubeko jabeek dirua jarri zutelako. Baina futbol zelai bakoitzean sekulako egurra ematen ziguten, orduko futbola askoz ere gogorragoa zen fisikoki. Zelai guztiak jendez beteta egoten ziren, kategoriago oilarra ginen, eta guztiek gura zuten gure kontra irabazi".

Jesus Aranbarri, Alavesko jokalari ohia: "Bihotza banatuta izan dut beti Realaren eta Alavesen artean"  

Hala, Ugarteren eta Txosa-ren lehenengo urte hartan ez zuten helburua bete, baina bigarrenean bai. "Astorga etorri zen entrenatzaile lanetara, eta beste mentalitate batekin etorri zen. Ordura arte egurra jasotzen bagenuen, entrenatzaile berriak esan zigun ordutik aurrera gu ginela egurra banatu behar genuenak. Uste dut denboraldi hartan hamazazpi txartel hori atera zizkidatela... Kar, kar, kar". Hala, bereziki denboraldi hartan egin zuen Txosa-k ekarpen galanta. "Bueno, golak sartzeko fitxatu ninduten ni, eta hori zen nire eginbeharra. Ez dut ondo gogoan, baina uste dut denboraldi hartan 18 sartu nituela. Akordatzen naizena da fisikoki ez nengoela batere ondo, eta, hala ere, urte nahiko ona egin nuen". Klubaren historian, baina, Elgoibarren egindako golei esker sartu zen: "Orduan, Mintxetako futbol zelaia ez zen existitzen, Lerun zen Elgoibarko futbol zelaia, eta harmailetan jendetza zegoen. Bada, partidu hartan sartu nituen bi golei esker lortu genuen partidua irabaztea, eta matematikoki kategoriaz igotzea. Uste dut gol haiengatik aukeratu nautela kartetan egoteko; kar, kar, kar".

Fournier etxearekin elkarlanean Alavesen argitaratu dituen eskuko kartak.

Harremana, hoztuta

Aranbarri Gasteizen bizi da, eta haren seme Josu ere Alavesko jokalari izan zen bigarren taldean. Horri esker, gertu izan du talde babazorroa, eta Txosa-k eta Ugartek aitortu dute nahiz eta oroitzapen ederrak izan gaur egun apenas dutela harremanik klubarekin: "Jokalarion artean bai, orduko taldekook Whatsapp talde bat dugu eta hor izaten dugu elkarren berri", dio Ugartek. "Baina lan kontuengatik nik urteak daramatzat kanpoan bizi izaten, eta birritan-edo egon naiz Mendizorrotzan Alaves ikusten".

Josu Ugarte, Alavesko jokalari ohia: "Taldeko kapitaina nintzelako-edo beti tratatu izan naute ondo Gasteizen"

Txosa, berriz, hori egiteko gogoz geratu zen duela hilabete batzuk: "Ez dut gogoan Realaren kontra edo Osasunaren kontra zen, baina kontua da derbi baterako gonbidatu nindutela, eta pandemia dela-eta ezin izan nintzen Mendizorrotzara joan; oraindik ez dut ikusi futbol zelai berria zelan dagoen, eta badut gogoa, egia esan".

Ezin jokalari ohiak batu 

COVID-19arengatik Deportivo Alavesek ezin izan ditu ekintza asko antolatu, eta egin dituztenak ere publiko barik izan dira. "Ondo egongo litzateke kartak hartzeko denak Gasteizen batu izan bagina, baina ezin izan dugu halakorik egin, eta gehienoi posta bidez bidali dizkigute kartak. Pena da 100. urteurrena baldintza hauetan egin behar izatea, baina ez dago besterik. Sikiera, gutaz akordatu dira eta ez da gutxi, gure kasuan dagoeneko 30 urte pasa direlako", dio Txosa-k.

J.M. Otadui 'Txosa': "Elgoibarren sartutako golek zeresana izan dute kartetarako aukeratua izateko"

Ez da gutxiagorako; karta horietan azaltzen diren jokalari asko eta asko oso ezagunak dira. Maltari Espainiak sartutako 12-1 hartan azken gola sartu zuen Juan Señor (1978-1981), Jorge Valdano (1975-1979) eta Julio Salinas (1998-2000), eta baita Alavesen urrezko aroan protagonista izan ziren Astudillo (1999-20009), Karmona (1996-2003), Javi Moreno (1997-1998/1999-2001) eta Jordi Cruyff (2000-2003) jokalariak ere. "Ez dakit ohorea gurea den, ala eurena", dio, barrezka, Txosa-k. "Bueno, gure sasoian, futbolean jokatzea gustatu egiten zitzaigun, eta, gainera, ordaindu egiten ziguten. Orduan ez ginen kontziente egindakoaz; orain konturatzen zara klubarendako garrantzitsua izan zela". Josu Ugarte ere iritzi berekoa da: "Poztasun handiaz hartu dut kontu hau. Valdanorekin harremana dut, eta bidali nion karta horien kontura mezua. Barre egin genuen. Taldeko kapitaina nintzelako-edo Gasteizen oso maitatua sentitu izan naiz beti".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak