Merezitako omenaldia Bixente Etxeandiari

Aitor Agiriano 2019ko mai. 3a, 18:00
Bixente Etxeandia

Futbol jokalaria, entrenatzailea eta ikuskatzailea, herriko kirolaren alde lan asko egindakoa eta maitatua izan da herrian Bixente Etxeandia. 87 urte zituela zendu zen pasa den apirilaren 18an, eta merezitako omenaldia izango da domekan Ibarran.

Gazte egin zituen lehenengo hartu-emanak futbolarekin Bixente Etxeandia aretxabaletarrak. UDAn hasi zen jokatzen eta lehenengo eta bigarren mailetako hainbat taldetan aritu zen jokalari. Baina, jokalari aritzeaz gain, entrenatzaile ere izan zen, eta, UDAko presidente moduan 10 urte bete zituenean, 2005ean, klubaren urrezko bereizgarria jaso zuen. Makina bat lan egin du futbolaren eta herriko futbolarien alde, eta, horren adierazgarri, gogoan izango dute beti aretxabaletarrek Etxeandia.

Jokalaria eta entrenatzailea

18 urterekin hasi zen futbol jokalari. UDAn egin zituen lehen urratsak 1949-50 denboraldian eta 1952. urtera arte ibili zen jokalari bertan. Ondoren, urrezko garaiak bizi izan zituen Deportivo Alaves taldera egin zuen salto eta bertan aritu zen 1957. urtera bitartean. 1954-55 denboraldian 22 gol sartu zituen Lehenengo Mailan. Horrez gainera, babazorroen taldean aritu zen sei denboraldietatik bitan gol gehien sartu zituen jokalaria izan zen hura, eta Alaveseko istorioan gol gehien sartu dituzten jokalarien artean hirugarrena ere izan zen Etxeandia. Lehenengo Mailan jarraitu zuen aurrera, Granadan. Baina Alaves taldera ere egin zuen buelta berriz eta Bigarren Mailako Huelvan aritu zen ondoren. Futbol jokalari ibilbidea amaitzeko, Sestaon, Mirandesen eta Club de Vitorian egin zituen baloiarekin azken urratsak. Jokalari lanak utzi eta gero, 1986an entrenatzaile titulua atera zuen Etxeandiak eta hainbat mailatan aritu zen taldeak zuzentzen. Maila ona erakutsi zuen entrenatzaile moduan ere: Bergaran, Hirugarren Mailan; Mondran, Hirugarren Mailan; Alavesen, Erregionalean; eta Elorrion, Erregionalean.

Merezitako omenaldia

87 urte zituela zendu zen Etxeandia, eta, hain zuzen ere, merezitako omenaldia egingo diote Ibarrako futbol zelaian, 16:30ean, Tolosaren aurkako futbol partidua hasi aurretik. UDAko talde guztiak izango dira zelaian, 400 neska-mutiletik gora egongo dira-eta bertan. Ibilbide profesionalean Alaves futbol taldearekin izan dituen bizipenak ere ugariak eta garrantzitsuak izan dira: bai jokalari moduan arituz, eta baita ikuskatzaile lanak eginez hainbat denboralditan. Hala, Gasteiztik Alaves futbol taldearen ordezkaritza bat ere etorriko da domekan Ibarrara, egun Alaves taldeko kapitaina den Manu Gartziarekin batera, hain zuzen. Oroigarri gisa, UDA taldearen eta Alaves futbol taldearen kamiseta banarekin osatutako koadro bat jasoko dute senitartekoek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak