Haurreskolak Partzuergoko Debagoieneko guneei dagokienez, Oñatiko langileek ez du bat egin grebarekin eta Bergaran, hezitzaile bat gutxiagorekin egin dute lan gaur. Gainerako guztiek, tartean Arrasateko biek, egin dute bat greba deialdiarekin baina zerbitzu minimoak bi hezitzailekoak izan direnez, Eskoriatzan, Antzuolan eta Elgetan haurreskolako hezitzaile guztiek joan behar izan dute zentrora. Elgetan baina, gaur esaterako, ez da ume bakar bat ere egon. Eta horixe izan da sindikatuek salatu dutena: zerbitzu minimoak gehiegizkoak izan direla.
Aldarrikapenak
2018an lortutako akordioak betetzea, 2009koa ordezkatuko duen lan hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea eta langileen behin behinekotasun tasarekin amaitu eta lanpostuak egonkortzea dira beste aldarrikapenetako batzuk, baita haurreskoletako norbera babesteko ekipamenduak Osakidetzak bere gain hartzea eta aurrekontua handitzea ere.
Sindikatuek salatzen dutenez, 2020ko urtarrilean Haurreskolak Partzuergoan izan zen kudeatzaile aldaketak joera aldaketa ekarri zuen.
Abenduaren 22an bildu ziren azken aldiz mahai negoziatzailean sindikatuak eta Hezkuntza Saileko hainbat ordezkari. LAB sindikatuko haurreskoletako ordezkari Hiart Cabrerak dioenez, bileran Hezkuntza Sailetik zalantzan jarri zuten 2009az geroztik lortutako akordioen zilegitasun juridikoa, eta sindikatuetako ordezkariak sartu zirenean baino kezka gehiagorekin irten ziren bileratik.
Gauzak horrela, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari haurreskolen etorkizunaz garbi hitz egiteko eskatu diote sindikatuek, eta egoera aldatu ezean, otsailaren 22, 23 eta 24an ere greba deituko dutela iragarri dute.
Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarrita, grebaren inguruko baloraziorik egiten ez dabiltzala azaldu dute.