Aintzane Pujanaren erailketa matxista salatu dute bailarako agerraldietan

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urt. 25a, 16:37

Aintzane Pujana donostiarraren hilketa salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte asteburuan herri ezberdinetan. Erailketa matxista salatu eta feminismoa aldarrikatu dute kale agerraldietan elkartu diren herritarrek.

Zapatu eguerdian egin zuten elkarretaratzea Arrasaten Euskal Herriko urteko lehen erahilketa matxista salatzeko; jardun hori ez dela eten adierazi zuten bertan. "2021 urtea gogor hasi dugu, indarkeria matxistari dagokionean. Urteko lehenengo emakume eraila izan da Aintzane Pujana, eta matxismoaren pandemia hau salatzera etorri gara. Hau ez da amaitu", adierazi zuen Garazi Bedatse Arrasateko Mugimendu Feministako kideak.

Erremedioa feminismoa eta zaintza sareak

Pandemia matxistari aurre egiteko bidea edo erremedioa feminismoa dela aldarrikatu zuten Arrasaten egindako elkarretaratzean. Gaineratu zuten herriak, kaleak eta jendartea feminismoz kutsatzea dela antidotoa eta horren irtenbidea zaintza dela.  "Horretarako zaintza sare feministak izango dira gure irtenbidea. Nahiz-eta pandemia garaia hauetan, oztopo gehiago ditugun gure elkar-zaintza honetarako topatuko ditugu bideak hori delako irtenbide bakarra; feminismoa eta zaintza sareak".

Pujanaren kasua

Aintzane Pujana donostiarraren gorpua urtarrilaren 4an aurkitu zuten Aizarnazabalen, Urola ibaiaren ertzean. Ikerketak azaleratu duenez, labankadaz hil zuten Pujana. Hilketa leporatutako bi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak eta kartzelara bidali zituen epaileak, baldintzarik gabe, homizidioa leporatuta. 

Aintzane Pujana gogoan, haren hilketa saltzeko elkarretaratzeak Arrasaten, Oñatin, Aretxabaletan eta Bergaran egin dituzte asteburu honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak