Guztira 108 osasun langilek jasoko dute aste honetan COVID 19aren aurkako txertoa Debagoienean. Atzo eta gaur artean 84 txertaketa egingo dizkiete Arrasaten kokatuta dagoen Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuko osasun langileei, bihar eta etzi artean txertatuko dituzte, ostera, eskualdeko anbulatorioetako 24 osasun langile. Katy Ajalla medikuak azaldu du nortzuk daukaten bakuna jasotzeko lehentasuna.
Iritsiko diren dosien kantitatea aurreikusita, Debagoienean lan egiten duten osasun langileen %98ak hiruzpalau astetan lehen txertoa jasoko duela kalkulatu dute Ospitaleko arduradunek. Biztanleriaren inmunitate osoa erdiesteko bidean, hona hemen Conchi Muñoz erizainak txertoa jaso berritan elkarbanatu duen iritzia.
Egoitzetan, bigarren dosiaren bidean
Zahar egoitzetako txertaketa kanpaina, bestalde, ospitaletakoa baino lehenago hasi zuten; Eskoriatzako Jose Arana egoitzan, esaterako, abenduaren 31n. Bihar beteko dira hiru aste bertan lehen dosia jaso zutenetik, bigarren dosia jasotzen hasiko dira beraz. Debagoieneko gainontzeko egoitzetan ere "antzeko erritmoa" daramatela aipatu du Ajalla medikuak.
Osasun langileek argi daukate COVID-19ari aurre egiteko tresnarik eraginkorrena txertoa dela, eta baikor azaldu dira txertaketa kanpainan finkatutako datak betetzen ari direlako.