Etxebizitzen birgaitze energetikoa sustatzeko jarraibideak aurkeztu ditu Mankomunitateak

Uxue Igarza Loiola 2021ko urt. 21a, 15:09

Etxean isolamendu termikoa eta aireztapen egokia izateak hezetasuna eta kondentsazioak ezabatzen laguntzen duela azaldu dute triptikoetan.

Debagoieneko Mankomunitateak triptikoak argitaratu ditu etxebizitzen birgaitze energetiko eraginkorra sustatzeko. Isolamendu termiko egokiak (eraikinaren zati guztiak isolatzeak) eta ekipo energetiko berriztagarriek (berokuntzako, ur beroko eta elektrizitateko instalazioek) dakartzaten onurak aurkeztu dituzte, besteak beste.

Mankomunitatearen arabera, etxebizitzak energetikoki birgaitzeak sei onura nagusi ditu: dirua aurreztea, konforta hobetzea, CO2 isurketak murriztea, osasun baldintzak hobetzea, zarata murriztea eta higiezinaren balioa handitzea.

  • Dirua aurreztea: termikoki isolatutako etxebizitza batek bero gutxiago galduko du; hortaz, etxea berotzeko behar den energia txikiagoa izango da eta fakturan aurreztuko da. 
  • Konforta hobetzea: termikoki isolatutako etxebizitza batek erabiltzailearen ongizatean eragiten du, etxe barneko erosotasun-baldintzak mantentzen lagunduz.
  • CO2 isurketak murriztea: termikoki ondo isolatutako etxe batek energia kontsumoa murrizten laguntzen du, beraz, berotegi-efektuko gasen isurketam eragina izango du.
  • Osasun baldintzak hobetzea: isolamendu termikoak eta aireztapen egokiak hezetasuna eta kondentsazioak ezabatzen laguntzen dute; ondorioz, arnas arazoak sortzen dituzten lizunak agertzea ekidin dezakete.
  • Zarata murriztea: isolamendu termikoko materialek baldintza akustiko onak izaten dituzte, eta nabarmen murrizten dute kanpotik edo bizilagunengandik datorren zarata. 
  • Higiezinaren balioa handitzea: deskribatutako abantailak argudio positibo gisa erabil daitezke etxebizitza alokatu edo saltzeko asmoa izanez gero. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak