Hondakin organikoak modu jasangarriagoan kudeatzeko jardunaldia antolatu du Hobeki elkarteak

Xabi Gorostidi 2021ko urt. 18a, 17:02

Euskal Herriko hamaika udalerrik osatzen dute elkartea oraingoz –Antzuola eta Leintz-Gatzaga dira horietako bi–, eta gehiago izateko bokazioa dute. Otsailaren 17an hitzaldiz betetako jardunaldi bat antolatu dute Oñatin, biohondakinei buruzko hiru praktika egokiri buruz gehiago jakiteko; Austriako, Pontevedrako eta Adunako adibideak jorratuko dituzte.

"Hobeki elkartea Euskal Herriko hainbat Udalek osatzen dugu. Hondakinen kudeaketaren garrantziaz jabetu eta herri-erakundeok arduraz eta erantzukizunez jokatzera behartuta gaudela uste dugu. Kide garen Udalok konpromiso erabatekoa adierazi nahi dugu hondakinen kudeaketa jasangarri eta arduratsuarekin; nola teorian, hala praktikan" adierazi dute Oñatiko udaletxean egindako prentsa agerraldian. 

Hauek dira une honetan elkartea osatzen dute Udalak: Leintz-Gatzaga, Donemiliaga, Hernani, Larrabetzu, Oiartzun, Berastegi, Segura, Usurbil, Barriatua eta Zaldibi.

"Bide horretan praktika onak sustatu nahi ditugu, herrien artean saretzeko eta kudeaketa hobetzen jarraitzeko pausoak emateko".

Azken helburu horretan sakontzeko, Biohondakinen kudeaketaren inguruko jardunaldia egingo dute otsailaren 17an, Mondragon Unibertsitateak Oñatin duen Enpresagintza fakultatean. "Zehazki biohondakinen kudeaketaren inguruan hitz egingo dugu. Izan ere, hiri hondakinen pisuaren %40a biohondakinak dira, eta, beraz, hauek egoki kudeatzearen garrantzia ikaragarria dela badakigu". 

Jardunaldia, otsailaren 17an

Lau hizlariren parte hartzearekin osatuko dute jardunaldia. Lehenik eta behin, Euskal Herriko egoeraz jardungo du Joseba Santxezek. Jarraian, Carlos Lopez Losadak Pontevedrako Plan Revitaliza-ri buruzko xehetasunak emango ditu, tokiko kudeaketak dituen aukerak aztertzeko.  Ostean, Austriako biohondakinen kudeaketa eredua ezagutzeko, Florian Amlinger adituak hartuko du hitza. Eta, azkenik, Euskal Herriko praktika on bat ezagutzeko, Adunako hondakin eredua xehetuko du Josu Amilibiak.

Teknikari eta zinegotzientzat prestatu dute jardunaldia, baina interesa duen edonork parte har dezake www.hobekielkartea.eus atarian izena emanda. Jardunaldi presentziala izango da, baina modu telematikoan jarraitzeko aukera ere egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak