ALBISTEAK

Trantsizio sozioekologikoari buruzko hitzaldi-sorta antolatu dute Seminarixoan

Hasier Larrea 2021ko urt. 8a, 11:27

Bergarako Udalaren eta Laboratorium Museoaren eskutik, trantsizio horren kontzeptua, Debagoiena 2030 ekimena, bioaniztasuna, basogintza, elikadura burujabetza eta energia komunitateak izango dituzte hizpide urtarrila eta otsailean zehar, lau hitzaldirekin.

Bergarako Udalak eta Laboratorium museoak lau saiotako hitzaldi sorta antolatu dute urtarrila eta otsailean. Adituek etorkizuneko herri jasangarriak nola eraiki daitezkeen azalduko dute bertan. Dagoeneko datozen urteetarako "herrien eta eskualdearen diseinua lantzen" hasiak direla aipatu du Bergarako alkateak.

Eragile guztien elkarlana baliatu nahi dute adituek. Haien esanetan, "krisi eta erronka konplexuak bizi ditugu gaur egun, eta horiei aurre egiteko gakoa Debagoiena berreraikitzea" dela diote. Erronka hori nola hezur mamitu, hori da Debagoiena 2030 ekimenaren funtsa.

Jardunaldiok Seminarixoan egingo dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Doako sarrerak seminarixuaren webgunean eta eraikinaren txarteldegian bertan eskuratu ahalko dira, ostegunero 18:00etatik 20:00etara, eta hitzaldi bakoitza hasi baino ordubete lehenago.    

Hona hemen hitzaldien egutegia eta nondik norakoak:

  • Urtarrilak 12: Trantsizio sozioekologikoa eta Debagoiena 2030 ekimena. Joseba Azkarraga Etxagibel EHUko irakasleak eskainiko du hitzaldia eta Debagoiena 2030 ekimena aurkeztuko dute bertako kideek. Debagoiena 2030 eskualdearen eraldaketarako sortu den lankidetza ekimena da, sektore anitzetako eragileek osatzen duena. Egungo gizarteek erronka konplexu eta sakonak dituzte aurrean, klima aldaketa da horren erakusgai nabarmenena. Lurraldearen garapen komunitarioan sakonduz, 2050 urterako adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izango den Debagoiena bateranzko eraldaketa bultzatzea helburu duen lankidetza sare irekia da.
  • Urtarrilak 26: Bioaniztasuna eta basogintza. Pinutik eukaliptora? Euskal Herriko basogintzaren erronkak. Hizlariak Arturo Elosegi (EHUko irakaslea) eta Iñaki Madinabeitia (Mendia Bizirik) izango dira. Euskal Herriko basogintza aspaldi krisian dago: prezioen gorabeherek, errelebo faltak eta landaketetan izandako izurriek, pinuaren gainbehera eta basogintzaren etorkizuna birplanteatzeko beharra ekarri dute. Azken urteotan gertatzen ari den aldaketa handiena eukaliptoen hedapena izan da. Argitaratutako ikerketa zientifikoek nabarmen utzi dute zuhaizti horiek ingurumen-eragin kaltegarria dutela, bereziki biodibertsitatean. Beraz, Euskal Herriko ingurumena zainduko duen basogintza-eredu bat bilatzeko erronka handia dugu aurrean.
  • Otsailak 9: Elikadura burujabetzarako bidea nola egin. Mirene Begiristain (EHUko irakaslea) eta Aitzol Iturbe (nekazaria). Gizarte antolaketa ereduen arteko talkak isla du nekazaritzan ere. Interes orokorrari erantzuten dion eredua agroekologikoa dela ikusiko dugu, eta "eredu konbentzionala" deiturikoak dakartzan kalte sozial, ekonomiko eta ekologikoak azalduko ditugu, besteak beste.
  • Otsailak 23: Goiener eta energia komunitateak. Santi Otxoa eta Oier Etxebarria izango dira hizlariak. Europako Erakundeek bultzatzen duten eta herrialde desberdinek arautu behar duten kontzeptu berri bat da energia komunitatearena. Goienerrek energia trantsiziorako baliabide erabakigarria dela uste du, herritarren esku ipintzen duelako, orain arte enpresa handien esku zegoen energiaren arloa. Beste gauza batzuen artean, herritarrak ahalduntzeko, aztarna ekologikoa gutxitzeko eta bertako ekonomia bultzatzeko balio dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak