Bergara, Elgeta eta Antzuolako alkateek bilera egin zuten joan den abenduaren 4an Debagoieneko ESIko arduradunekin, hiru herri horietan gaueko larrialdi zerbitzua etenda zegoela eta azalpenak eskatzeko. Osakidetzako ordezkarien arabera, COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko pertsonalaren birkokatzea izan zen larrialdi zerbitzua murrizteko arrazoia. Egoeraren eboluzioa kezkaz jarraitu dutela adierazi du Iraitz Lazkano Elgetako alkateak.
Era berean, abenduaren 21ean etengabeko arreta-gunea bere horretara itzuliko zela hitz eman zieten Debagoieneko ESIko arduradunek hiru alkateei. Esandakoa betez, atzo bertan itzuli zen Osakidetzaren zerbitzu hori bere ohiko funtzionamendura. Bergarako anbulatorioa gauetan zabalik egotearen garrantzia goraipatu du Lazkanok.
Bi aste eta erdian eragozpenak izan dituzte Elgetako, Bergarako eta Antzuolako herritarrek gaueko hamabietatik goizeko zortzietara bitartean larrialdien ondorioz Osakidetzako zerbitzua jasotzeko. Alkateak bailarako herriek bizi duten osasun krisialdiaren jakitun dira, baina oinarrizko zerbitzuak mantentzen jarraitzeko euren eskuetan dagoen guztia egingo dutela adierazi dute.