Atzoko online saioan parte hartu zuten ekimena osatzen duten hainbat kidek. D2030ko koordinatzaile orokor Elena Herrartek, Emun-eko eta D2030eko Onintza Legorburuk, Lankiko eta D2030eko Igor Ortegak eta Saiolaneko eta D2030eko kide Iosu Lizarraldek.
Ekimenetik nabarmendu zuten, etorkizuneko erronkak gaur gaurkoak direla eta eredu iraunkor bat sortzea ezinbestekoa eta urgentea dela. Horretarako, izaera desberdineko eragileen artean elkarlana bultzatzea ezinbestekotzat ikusten dute.
Eskualdea ezagutzearen garrantzia
Debagoienak eskualde bezala dituen berezitasunak ondo ezagutzea ere ezinbestekoa da ekimenarendako, izan ere, "nazioarte mailan dauden kezka horiek hemen zela bizi diren jakitea beharrezkoa da trantsizio justu hori modu egokian garatuko bada". Hala, 2019an esplorazio prozesu bat jarri zen martxan. Prozesu hartan hainbat elkarrizketa eta talde saio egin ziren, herritarren zein eragileen kezkak eta beharrak ezagutzeko asmoarekin. "Larrialdi klimatikoaren gaiak izan zuen pisu bat. Perfil zehatz bat, oso kezkatuta dago gai honekin, eta egia esan, urgentziaz jorratu eta landu beharreko erronka potolo bat da. Bestetik, lanaren gaiak eta berdintasunarenak oro har, -genero berdintasuna, zein jatorri ezberdinetako pertsonon arteko berdintasunak- indar edo pisu handia hartu du. Jendeak oro har, lanarena eta kulturaniztasunaren gaia kezkaz bizi ditu", azaldu zuen Onintza Legorburuk.
Hamalau proiektuko portfolioa
Bestetik, atzoko saioan, helburuak lortzera bidean martxan jarritako soluzio edo proiektu multzoaz ere aritu ziren. 14 dira gaur gaurkoz onartutakoak, izaera askotarikoak. Badaude komunitatearen parte hartzearekin lotutakoak, energiarekin, ekonomia zirkularrarekin, mugikortasunarekin, inklusioarekin, lanaren etorkizunarekin, hezkuntzarekin eta elikadura sistemekin lotutakoak. Horien bitartez, gizartean ekimenak izan dezakeen inpaktu aukerak handitzea gura dute.
Ekimenaren gaineko informazio guztia duzue, www.debagoiena2030.eus webgunean.
Martitzeneko saioa