'12 ikastetxe, 12 tontor' ekimena jarri du martxan Leintz Eskola Kirolak

Hasier Larrea 2020ko aza. 19a, 14:28

Leintz bailarako 12 tontorretara igotzea da erronka: "Lortzen duen ikasleak mendiarekin erlazioa duen opari bat jasoko du". Asteburuetan familian mendiaz gozatzeko, eta bide batez, neska-mutil eta gurasoen artean bizi-ohitura osasuntsuak sustatzeko abiarazi duten egitasmoa da.

Leintz Eskola Kirolak  '12 ikastetxe, 12 tontor' ekimen berria jarri du martxan. Aste honetatik maiatza bitartean luzatuko da eta LEK-en esanetan helburua "familian mendiaz gozatzea izango da, eta bide batez, neska-mutil eta gurasoen artean bizi-ohitura osasuntsuak sustatzea".

Ikasleek erronka bat izango dute aurretik, Arrasateko, Aramaioko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako 12 tontor igotzea. Hori lortzen dutenek mendiarekin erlazioa duen opari bat jasoko dute ikasturte amaieran. 6 tontorretara igotzea lortzen dutenek aldiz, ikasturte amaieran burutuko den mendiko motxila eta kantinplora edo ur-potearen zozketan sartuko dira. 

LEK-eko koordinatzaileek esan bezala, "asteburuei begira proposatzen den ekimena da, eta gure inguruan ditugun eta familian burutzeko modukoak diren 14 mendi ezberdin proposatzen ditugu". Ekimenean parte hartzeko, "LEK-eko kamiseta jantzita mendi tontor horietariko batetik argazkia bidali beharko diguzue koordinatzaileoi". Argazkian gurutzea, buzoia edo bertan dagoen bereizgarria ikusi beharko dira, eta ondoren emailez edo whatsappez bidali. 

Koordinatzaileek eramango dute ikasle bakoitzaren zenbaketa. "Gogoratu, ekimena maiatza bitartean denez, denbora duzue 12 mendiak edo gehiago ere egiteko, bide batez, naturaz edo gure inguruetaz gozatuz", adierazi dute.

Oraingo araudia dela eta, oraingoz norberaren herriko edo alboko herriko mendiak baino ezingo dira aukeratu: "Aurrerago izango duzu aukera, besteak ere egiteko!".

14 mendi daude aukeran igotzeko

14 tontorretara igotzeko aukera egongo da, Arrasaten bost (Udalaitz, Kurtzetxiki, Anporreta, Murugain eta Besaide); Eskoriatzan hiru: (Aitzorrotz, Asentzio eta Makatzgain) Aramaion beste hiru: (Orixol, Teilamendi eta Izpizte) eta Aretxabaletan beste hiru (Kurtzebarri, Orkatzategi eta Arlutz).

Informazio gehiago hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak