Saharaldeba elkartea: "Sahararrok erreferenduma egitea besterik ez dugu eskatzen"

Hasier Larrea 2020ko aza. 16a, 16:37

Debagoieneko saharaui kolektiboak elkarretaratzea egin zuen zapatu eguerdian Arrasateko Arizmendiarrieta plazan. Jatorri ezberdineko dozenaka pertsonak "herrialde sahararraren autodeterminazio eskubideari” sostengua eman eta “marokoar armadaren azken ofentsiba" gaitzetsi zuten bertan. 

Saharar eta marokoarren arteko tentsioa areagotu egin da azken egunotan, izan ere, Saharako zenbait herritarrek trafiko errekurtsoei blokeoa ezarri zien Guergerateko gune desmilitarizatuan, "Nazio Batuek Saharan erreferenduma egiteko borondate eza" salatzeko.  Estatu marokoarrak soldaduak bidali zituen blokeo hura apurtzeko asmoz, eta iturri ofizialen arabera, "Saharako Fronte Polisarioak tiroak bota zituen airera,  Guergeraten aurkitzen ziren zibilei zuzendutako erasoaldia geldiarazteko". Ondoren, Marokoko sei base militar erasotu zituen Saharako Fronte Polisarioak. Momentu hauetan nola sentitzen diren azaldu zuen elkarretaratzean Saleh Salek Saharaldeko presidenteak.

Saharaldebakoek 30 urtetan egoera politikoa "geldi" egon dela eta Marokok "su-etena bortxatu" duela salatu zuten, "hemendik aurrera sahararrek Marokoren aurkako gerra" egingo dutela adieraziz. Marokoko gobernuak "esku-hartze baketsutzat" jo du Guergueratekoa. Saharar herriak argi utzi nahi izan zuen bere helburua zein den.

EH Bilduko, Ezker Anitzako eta Elkarrekin Arrasateko ordezkari politikoak ere bertaratu ziren deialdira, saharar herrialdeari elkartasun osoa adieraztera. 

Saharaldebaren arabera, Debagoienean 100 saharar familia baino gehiago bizi dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak