Leintz Arizmendiko jokalariek liga hastearekin batera erabaki zuten pandemia egoeran egonda ez zutela Gasteizera bidatu behar Lakuaren kontra jokatzera. Azaroaren 1eko asteburua zen, ligako lehenengo jardunaldia zegoen jokoan, kategoriaz igotzeko egindako ahaleginaren ostean jokalari debagoiendarrak ilusioz gainezka zeuden Euskal Ligan jarduteko, baina azaroaren 1erako bailarako hainbat herri kutsatze kopuruengatik gorriz markatuta zeuden, jakinekoa zen Eusko Jaurlaritzak neurriak zorroztu behar zituela, eta Gipuzkoako federazioak ordurako bertan behera utzita zituen euren menpeko liga guztiak. Baina, Euskadiko Federazioak ez.
Maila goreneko taldeek jokatzen jarraitzeko erabakia hartu zuen Euskadiko federazioak, eta tartean zegoen Euskal Liga. Bada, Leintz Arizmendiko neskek ezetz esan zuten, eta halaxe adierazi zioten federazioari, eta baita Gasteizko taldeari ere. Orain, erabaki hori garesti ordaindu behar dute.
Euskadiko Federazioaren oharra jaso zuten Leintz Arizmendiko ordezkariek atzo, eguaztena, eta zigorraren berri izan zuten: 760 euro ordaindu beharko dituzte, ez dute Euskal Ligan jarraituko –gainontzeko taldeek jokatzen jarraitu dute– eta datorren urtean, nahiz eta Gipuzkoako txapelketan onenak izan, ezingo dira mailaz igo.
Bidegabea dirudien zigor horren aurrean Leintz Arizmendikoak erabat harrituta geratu dira. "Zigor ekonomikoa ordainduko dugu Leintz Arizmendi osatzen dugun kluben artean, eta garbi dago aurten igoera faseagatik jokatzeko eskubidea galdu dugula, baina martxoan egoera hobean bagaude ligako bigarren fasean jokatzen hastea gura dugu –martxoaren 14an hasiko da fase hori–, hau da, mailari eusteko fasean egon gura dugu egoerak baimentzen badu. Eta hala ez bada, eta kategoria galtzen badugu, datorren urtean mailaz igotzeko aukera ere kentzea... Uste dugu zigor oso gogorra dela, jokalari hauek ez dira profesionalak eta guztiok dakigu zein egoeratan gauden", adierazi dute taldetik.